Ordiziako Udalak izena emateko epea zabaldu du  jada eta martxoaren 15a arte izango da eskaera egiteko aukera

Ordiziako Udala herritarrei baratza sozialak eskaintzeko gunea prestatzen hasi da aste honetan, Kutxa Ekogunea erakundearen laguntzarekin. San Joan auzoan kokatu da proiektua eta 30 metro koadroko 32 baratza egingo dira. Joseba Aranburu, Ingurumeneko zinegotziak,  Rosa Aurkia teknikariak eta Itsaso Olaizola Kutxa Ekoguneko Baratze Parke Sareko arduradunak aurkeztu dute proiektua. Obra apirilean zehar amaituta izatea aurreikusten da.

Aranburuk esan duenez, nekazaritza jarduera lantzeko ez ezik, ingurumena, ekologia, autokontsumoa edo elikadura osasuntsuaren inguruko heziketa eta sentsibilizazioa garatzeko elkargune bat egokitzea da helburua, aisialdirako gune berri bat sortuz. Hala, Kutxa Ekoguneko Olaizolak adierazi duenez, Baratze Parkeak norberaren barazkiak autokontsumorako eta era ekologikoan egiteko aukera eskainiko die erabiltzaileei eta kalitatezko aisialdi aktiborako topagune bilakatuko da Ordiziar guztientzat.

Ordizian martxan jarriko den Baratza Parkeak izaera soziala ere izango du. Premian edo larritasunezko egoeran aurkitzen diren kolektibo edo pertsonei beren kontsumo pertsonalerako erabiliko dituzten elikagaien laborantzarako eremu arautu bat eskainiko zaie.

Herritarrek norbanako edo kolektibo bezala eskatu ahal izango dituzte euren lursailak.

Denetara 32 baratza izango dira horrela banatuta:

-5 baratza: Gizarte-egoera ahulagoa duten pertsonentzat (langabetuak, AES hartzaileak eta ezgaituak).

-2 baratza: Interes bereziko kolektiboentzat (irabazi asmorik gabeko elkarteak, eskolak, fundazioak, etab).

-25 baratza: Herritarrentzat.

Lursailen esleipen prozesua eta baldintzak

Baratzetan interesatua dagoenak eskaera bat aurkeztu beharko du martxoaren 15erako. Epea zabalik dago jada. Eskaera egiteko arreta bulegoan duten inprimaki ofiziala bete beharko du. Eskaera honekin batera, NAN-ren kopia eta, dagokion kasuan, langabezi ziurtagiria, erretirodun edota pentsiodun ziurtagiria ere aurkeztu beharko du. Korreo elektronikoz ere eska daiteke, Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbidearen bidez.  Eskariak baratzak baino gehiago balira, ezarritako hainbat irizpideen arabera sailkatuko dira eskariak.

Baratza publikoa eskatzeko baldintza hauek bete behar dira:

·         Udalerrian  erroldatuta egotea, deialdiaren iragarpena argitara eman baino bi urte lehenagotik.

·         Ordiziako Udalaren zerga-betebehar eta gainerako ordainketa guztiak egunean edukitzea.

·         Beste baratze baten erabiltzailea den familia-unitateko kidea ez izatea.

·         Eskatzaileak edo bere familia-unitateko kideren batek ez edukitzea Goierriko eskualdean, ez jabetzan ez gozamen-eskubidean, edo alokairuan nekazaritza-jarduerarako egokia den lursailik.

·         Zigorrik ez izatea lehenago beste baratze ekologiko baten jabe izan delako, Araudi honetan aurreikusitako arau-urraketa bat dela medio.

Lursailaren aprobetxamendua edota erabilera eta beraz, udal-lizentzia urtebeteko epez emango da, eta epe hori gehienez hiru urte arte luzatu ahal izango da.

Udalak kanon bat aplikatuko du baratzearen laborantzagatik, baita fidantza bat ere, udal-jabari publikoko eremuaren erabilera egokia bermatzeko. Baratze bat urtebetez erabili ahal izateko kanona: kanona 10 eurokoa izango da baratze eta hilabete bakoitzeko, orotara, 120 euro. Eta baratza bat eskuratzeko fidantza,  udal-eremu publikoaren erabilera zuzena bermatzeko, 100 eurokoa.

Interes-talde hauek ez dute kanona ez fidantza ordaindu beharrik:

1.         Beren ezaugarri bereziak direla eta, beste batzuen aldean gizarte-egoera ahulagoa duten pertsonek, hala nola langabetuak, AES hartzaileak, ezgaituak.

2.         Interes berezikotzat hartzen diren kolektiboak, esaterako, irabazi asmorik gabeko elkarteak, baratze sozialeko erabilerarako Udalarekin hitzarmena duten fundazioak, eskolak eta abar.

Ezinduentzat bi plataforma egongo dira irisgarritasuna bermatzeko. Erremintak gordetzeko etxola, uraskak eta konposta egiteko gunea ere izango dituzte bertan. Erremintak komunitarioak izango dira, Udalak eta Ekoguneak jarrita denen artean erabiltzeko.

Ordiziakoa, Gipuzkoako Baratze Parke Sarean

Kutxa Ekoguneak 2012an Baratze Parke Sarea proiektua abiatu zuenetik, dagoeneko 19 dira Gipuzkoan kide diren Baratze Parkeak:  Ekogunea, Lezo, Errenteria, Hernani, Usurbil, Tolosa, Azpeitia, Alegia, Zegama, Anoeta, Elgeta, Azkoitia, Urnieta, Berrobi, Irun, Villabona, Ikaztegieta, Beasain eta orain, Ordizia. Guztira, 1.115 baratzerako lursail daude herritar eta elkarteen eskura, 51.125 m2 azalerako lurra suposatzen dutelarik.

Baratze Parke Sareko kide izateak hainbat abantaila eta zerbitzu eskaintzen dizkie Ordiziako Baratze Parkeko erabiltzaileei: “Baratzezaintza ekologikoaren oinarriak” ikastaroa, Sareko Parkeetan zehar dabilen Furgobaratza zerbitzua, baratzeen egoeraren jarraipen txostenak eta ongarriztatze gomendioak,  ekitaldi, tailer eta aholkularitza praktikoak eta baita Sareko ekitaldi eta aktibitateen berri ematen duen asteroko boletina eta webgunea  http://baratzeparkea.ekogunea.eus

 

* HEMEN ESKARI INPRIMAKIA:

BARATZAK_eskaeraorria_HUERTAS_hojasolicitud (pdf)