INGURUMENAREN MUNDU EGUNA PLASTIKOEN KUTSADURAREN KONTRAKO EGUNA
Ordiziako Udala sentsibilizazio ekimenak antolatzen segituko du urtean zehar
Astearte honetan, ekainaren 5ean, Ingurumenaren Mundu eguna da. Aurten, erabilera bakarreko plastikoek eragindako kutsadurari aurre egiteko batuko dira mundu osoko pertsonak, «Plastikoen Kutsadurarik Gabe» lemapean. Bestalde, gaur zozketatuko dira San Joan auzoko baratzetako 35 partzelak.
Izan ere, urtero, munduan plastikozko 500.000 milioi poltsa erabiltzen dira. Eta urtero, gutxienez 8 milioi tona plastiko botatzen dira itsasora, hau da, zabor-kamioi baten edukia minuturo. Erabiltzen den plastikoaren %50a behin erabili eta botatzekoa da. Minuturo, plastikozko milioi bat botila erosten dira eta sortzen diren hondakin guztien %10 plastikozkoak dira. Hau da, azken hamarkadan, aurreko mende guztietan baino plastiko gehiago ekoitzi genuen.
Udalak bultzatutako Hondakin Mahai bat dago Ordizian, eragile politiko, talde ezberdinez eta herritarrez osaturik eta helburua, hondakinen sorrera murriztea da, ondorioz, plastikoen sorrera murriztua. Helburu honetara iristeko hainbat ekimen antolatu izan dira, ala nola, herriko komertzioetara poltsa edo ontzi batekin joateagatik zozketa batetan parte hartzeko aukera emanez, ondorioz, plastikozko poltsak ordezkatuz.
Ordiziako Udalak plastikoen sorrera murrizteko ekimenak egin nahi ditu eta, edonola ere, herritarrei datuak kontutan hartzeko eskatzen die eta norberak ere pausoak emateko egoera hobetze aldera.
BARATZAK
Bestalde, Ingurumenaren mundu egun honetan, Ordizian baratze parkeko partzelen zozketa egingo da astearte honetan arratsaldeko 18:00etan Udaletxeko batzar aretoan. Ordizia baratze parkeko proiektuaren aurkezpena egin eta ondoren, baratza parke honetako partzelak zozketatuko dira. 35 partzela daude Ordiziako baratze parkean eta 77 Ordiziarrek egin dute eskaera.