ESKARABILLA AUZOKO APARKALEKUAK BIZILAGUNENTZAT IZANGO DIRA ORDUTEGI MUGATUAN
Neurria Mugikortasun Mahaian proposatu da eta proba pilotua izango da lehenengo sei hilabetetan
Ordiziako Udalak Eskarabilla izenarekin ezaguna den inguru osoan auzokoentzako aparkaleku sistema ezarriko du. Proba pilotua izango da, gune gorria, eta Urdaneta, Maribaratza, Diego Rivero, Goierri, Berria eta Rezola (Urdanetatik tren geltokiraino) kaleetan, gaueko ordutegian, burutuko da. 2016an herritarren parte-hartzearekin Ordiziako mugikortasuna hobetzeko eratu zen Mugikortasun Mahaian sortutako proposamena da.
Aipaturiko inguruan aparkatzeko arazo larriak daude, batez ere ordu batzuetan, eta honi aurre egiteko proposatu da ordutegi zehatz batean eremua aparkatzeko bizilagunentzat mugatzea. Guztira 201 plaza dira eta aparkatzeko muga 20:30etik 09:30era izango da, astelehenetik ostiralera. Goizeko 9:30etik iluntzera, asteburuetan eta jai egunetan gune gorria parking librea izango da. Eremuak biztanle asko ditu, garajerik gabeko etxebizitza asko dago eta aparkatzea arazo bat da bertakoentzat. Merkatarien eskaera erantsi behar da, gainera, aparkatzeko txandakako era eskatzen baitu.
Sei hilabeteko proba
Sistema erregulatzeko ordenantza ostegun honetan egingo den Osoko bilkuran bozkatuko da. ‘Aurreko astean Osoko bilkurako gaiak lantzeko egiten den batzordean adostu genuen sistema honen proba lehen pausoa izatea aparkaleku beste eredu batera joateko’, aurreratu du Jose Miguel Santamaria alkateak, Arantxa Fernandez Zerbitzuetako zinegotziak eta Aitor Eskalante Udaltzain buruarekin auzora egin duen bisitan.
Ordenantza onartu eta gero, erakusketa publikoan jarriko da hilabeteko epean eta behi-betiko onartutzat emango da alegaziorik ez balego. Eta alegazioak baleude, ahalik eta azkarren aztertu eta erabakiko da. Bitartean, Udalak aparkatzeko plazak gorriz margotuko ditu eta bertakoentzat izena emateko epea zabalduko du, bizilagun-txartela eskura dezaten.
‘Hondakinen Mahaiaren esperientzia positiboaren ondoren Mugikortasun Mahaia eratu genuen mugikortasunarekin zerikusia duten aspektuak (aparkalekuak, trafikoa eta segurtasuna) hobetzeko desafioarekin. Zerotik abiatu ginen, orria zurian genuela, erabakietan herritarrak inplikatuta’, gogoratu du Santamariak. Eskarabillan ezarri behar den sistema Mahai honetan sortu zen. Alkateak ordea onartzen du ‘arazo guztiak ez direla konponduko, baina bizilagunentzat lagungarria izango da gauean eta baita goizean ere, kasu honetan merkatariei laguntzeko’. Sei hilabeteko froga epea pasa eta gero, egokiak izan daitezkeen hobekuntzak aztertuko dira.
Honez gain, Urdaneta kalean -50 eta 60 zenbakien parean- gune urdina ezarriko da eta egunean zehar ordubetez bakarrik aparkatu utzi ahalko da. Honekin, Eskarabillan merkataritza ordutegiko plazak 64 izango dira.
Bizilagunek dagokion txartela jasotzeko izena emateko epearen berri azken xehetasunak zehaztu bezain pronto emango da. Alkateak proba pilotua dela azpimarratu nahi du eta azken erabakiak hartzeko hobekuntzak ezartzeko aukera egingo dela. ‘Orain ordenantza onartzen da, pilotua izan arren, hartutako erabakiak bete arazteko beharrezkoa delako’, argitu du.