ESKARABILLAKO BIZILAGUNENTZAT EGOILIAR TXARTELA, LASTER ESKURAGARRI
Etxebizitza bakoitzeko bi txartel baina gehiago ez dira emango
Eskarabilla auzoan aparkatzeko gune gorria apirilaren 1ean jarriko da martxan. Udal arduradunek aurreko azaroan proiektua eman zuten ezagutzera, Osoko bilkuran ordenantza onartu ondoren. Geroztik ordenantza erakusketa publikoan jarri eta otsailaren 13tik dago indarrean, alegaziorik jaso gabe. Bitarte honetan Udala lanean aritu da proiektua exekutatzeko. Hala, guneen pintaketa berehala egingo da eta Urdaneta, Maribaratza, Kale Berri, Diego Rivero eta Goierri kaleetako ia 600 etxebizitzetan izen-emate eta informazio orria banatuko da.
Gune gorriaren ordutegia 20:30etik 9:30era, igandetik ostiralera
Gune gorria aipaturiko kaleetan eta Joseba Rezolan margotuko da, gaur egun dauden gune urdinak mantenduz. Hala, 201 plaza prestatuko dira egoiliarrek erabili ahal izateko. Aipaturiko inguruan aparkatzeko arazo larriak daude, batez ere ordu batzuetan, eta honi aurre egiteko proposatu da ordutegi zehatz batean eremua aparkatzeko bizilagunentzat mugatzea, txartela eskuratuta gero. Txartela erabiliz aparkatzeko ordutegia 20:30etik 09:30era izango da, igande iluntzetik ostiral goizera. Asteburuetan eta jai egunetan gune gorria parking librea izango da.
Jose Miguel Santamaria Ordiziako alkateak, Eskarabillan aparkaleku mugatua ezartzeko ideia legegintza honetan mugikortasun arazoak hobetzeko eratutako Mugikortasun Mahaian sortu zela gogoratu du. ‘Neurri hau erabakietan parte izateko ordiziarren parte hartzetik jaio da. Badakigu arazoa bere osotasunean konpontzea zaila izango dela, baina bizilagunentzat lagungarria izango dela eta aparkatzeko zailtasunak ekidingo dituela uste dugu, gauaz eta baita egunez ere, inguruko merkataritzaren mesederako’, esan du.
Aurtengo tasa, baxuagoa
Otsaila bukaeran informazio orria banatzea aurreikusten da. Eskaera-orria ere bertan egokituko da eta hau jaso bezain pronto eskaera egin ahalko da udal arreta bulegoan (astelehenetik ostiralera 8:00etatik 13:30era) edo Udaltzaingoan (16:00etatik 20:00etara) entregatuz ordain-agiriarekin batera.
Izan ere, gune gorrian aparkatzeko urteko 20euroko tasa ordainduko da auto batengatik eta 75euro etxe bereko bigarren autoagatik. Aurten, ordea, urtea hasita dagoela kontutan izanik, tasa baxuagoa ordaindu behar da: 15 euro auto batengatik eta 56 bigarrenagatik. Etxebizitza berean bi auto baino gehiagorentzat ez da txartelik eskuratzerik izango.
Era berean, indarrean jarri eta sei hilabeteren ondoren sistemaren ebaluaketa egingo dela gogoratu nahi du Udala, dagozkion aldaketa edo hobekuntzak txertatzeko. Udalaren helburua da bizilagunek eta merkatariek aparkatzeko dituzten arazoei irtenbide bat eskaintzea, kontutan izanda inguruan garajeak ez daudela eta asko direla bertan bizi diren herritarrak eta inguratzen den jendea. Merkataritza eskaintza ere garrantzitsua da eta Udalaren betebeharra da honen etorkizunaren eta ordiziarren ongizatearen alde lanean segitzea. ‘Lanean ari gara Ordiziako hainbat auzoetan aparkatzeko antzeman ditugun arazoei aurre egiteko eta herritarren laguntzarekin ari gara. Sei hilabete pasa ondoren, auzoko bizilagunekin esperientzia aztertuko dugu adostutako behin betiko irtenbidea ezartzeko’, amaitu du Santamariak.
*Irudian, gune gorrien eta urdinen planoa aipaturiko eremuan eta inguruan