ARTEZ APAINDUTAKO ONTZIAK ORDIZIAKO TABERNENTZAT
Hondakinak jasoko dituzten ontziak banatzen hasi gara, hondakinak horiek lurrera bota ez ditzagun
Ordiziako Udala errefortzu-plan bat gauzatzen ari da, Ordizian garbitasuna hobetzera bideratua. Ekimenen artean daude: martxoan abiarazitako kontzientziazio-kanpaina, 'Zaborra guztiona da' izenburupean bide bat zabaldu zen; ontzi birziklatuak banatzea tabernetan, hiru pertsona kontratatzea garbiketa bereziak egiteko; eta, beste behin, hondakinak ateratzea ibaietatik.
Aste honetan hasi gara tabernetan ontziak banatzen. Asmoa da mostradoreen ondoan jartzea, bezeroen aldean, bezeroek hondakinak lurrera bota ordez, ontzietara bota ditzaten. Udalak, oraingoz, 40 ontzi banatu ditu; tabernetara joan eta eskaini egiten zaizkie ostalariei. Taberna guztietara iritsi nahi da, eta gehiago nahi duenak eskatu ahal izango ditu. Oraingoz, oso harrera ona izaten ari da ekimena. Batzuek terrazatan ere jartzea proposatu duten. Ontziak Sasietako Mankomunitatean zeuden baztertuta, erabili gabe, eta herriko haurrek apaindu zituzten Gabonetan, Udalak MartArt eskulangintzarekin antolatutako tailer batean.
Errefortzua langile gehiagorekin
Garbiketa-planeko errefortzurako, urte hasieran hiru pertsona kontratatu ziren, lan bereziak egin zitzaten: besteak beste, hiri-materiala edo altzariak konpontzea. Urte hasieratik egiten ari diren lanen artean ditugu, besteak beste: edukiontzietako eta zakarrontzietako eremuak garbitu; hainbat udal-material sailkatu eta konpondu; estolda-zuloak garbitu eta espaloietatik belarrak erauzi; pintadak dekapatu; eta hainbat eremuetan hondakinak kendu (Trevijano, Goierriko Eskolarako igoera, eta abar).
Horiez gain, gogora ekarri behar dugu iaz ahalegin handia egin zela Oria eta Amundarain ibaiak osotasunean garbitzen, Ordiziako tartean. 8.000 kilo inguru zabar atera zen. Hilabete gutxira, ibaiertzetako landaredian plastikoak eta hondakinak ikus daitezke; horiek, beste garbiketa-kanpaina batean kenduko dira. Iragarri bezala, helburua lan hori urtero egitea da. Alabaina, herritarrei gogora ekarri nahi diegu aukerarik onena zakarrak murriztea edo zakar horiek norberak hobeto kudeatzea dela, behar ez den lekura irits ez daitezen.
Azkenik, Udalak herritarrak animatu nahi ditu jarrai dezaten "Zaborra guztiona da" bideoa zabaltzen, bereziki egun berezietan edo proposatutako helburuan 'atzerapausorik' antzemanez gero.Oraingoz, nabari da plastiko eta zikinkeria gutxiago dagoela herriko plazetan eta parkeetan. Edonola ere, nahitaezkoa da herritar guztiak iraunkorki inplikatzea Ordizia herri garbiagoa, higienikoagoa eta atseginagoa izan dadin.