ISUNAK ORDIZIAN HONDAKINEN KUDEAKETA TXARRAGATIK
2018an 41 isun jarri dira, horietatik lau oso larriak
Ordiziako edukiontzi puntu batzuen inguruen egoera ikusita, poltsak lurrean utzita Mankomunitatea Udalaren elkarlanarekin batera, isunak jartzen hasi zaie kudeaketa desegokia egiten ari direnei. Izan ere, edukiontzi inguru batzuk zikinak daude, zabor poltsez inguratuta eta gehienetan gainera zaborra gaika bereizi gabe.
Sasieta Mankomunitateko hondakinen ordenantzan zehazten den bezala, poltsak lurrean ezin dira utzi eta gainera, gure zabor guztia gaika sailkatuta bota behar da dagokion edukiontzira. Hala, Ordiziako hondakin mahaira eta Udalera hainbat kexa iritsi dira egoera hau salatuz.
Sasieta Mankomunitateak 2018an Ordizian jarri dituen isunak 41 dira, hauetatik 35 arinak, 2 larriak eta 4 oso larriak. Kasu bakoitzean ordaindu beharreko diru kopurua hau da: arinak 45 euro, larriak 270,28 eta oso larriak 3.000. Zaborrak nahasian, bereizi gabe lurrean edo birziklatzeko edukiontzietan sartzeagatik, traste zaharrak egutegiz kanpo ateratzeagatik eta kasuren batean, baita zaborrei su emateagatik jarri dira.
Herriko puntu guztiak aztertzen dira baina isun gehien Goierri kalean, Joseba Rezola pasealekuan, Garagartza plazan, Iturtxobidean, Joan de Amezketa kalean eta Gudarien etorbidean jarri dira.