Gune gorriko ordenantza, Udalbatzara
Aparkamendu mugatuko eremuak arautzen dituen Udal ordenantza aldatzea proposatuko du Udal Gobernuak azaroko Plenorako. Gauza jakina da hainbat espaziotan aparkatzeko arazoak daudela udalerrian. Besteak beste, Urdaneta, Maribaratza, Diego Rivero, Goierri, Berria eta Joseba Rezola kaleak dira horiek. Horri aurre egiteko ordutegi zehatz batean eremua aparkatzeko bizilagunentzat mugatzea proposatu zen, gune gorri bat jarriz. Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak, egitasmo eta sistema orokor baten beharra nabarmendu du: “udalerri osoaren azterketa bat egitea funtsezkoa da, eta ondoren hartzea erabakiak; ez auzo bakarrari dagokiona, osotasunean baizik”.
Ordenantzaren aldaketek eragin zuzena izango lukete: batetik, ibilgailuaren jabea sektorean erroldaturik ez balego, baina jabearen senitarteko zuzen batek mendekotasuna aitortuta badu dagokion agiriarekin, eta zaintza lanak familiartekoek egiten badituzte, zaintzailearen ibilgailua onartuko da. Bestetik, ibilgailu horiek pertsonak garraiatzekoak izango dira; baina beste kategoria batekoak balira, baina aparkaleku plaza batean sartzeko tamainakoak eta jabea sektorean erroldatua egoteaz gain, ibilgailua ere hala badago, eta ibilgailu hori loturik dagoen enpresaren lokala ere sektorean kokatzen bada, onartua izango da.
Era berean, udalerri osorako sistema orokor bat martxan jarri bitartean, egoilartasuna ematerako orduan, oinezkoa den Alde Zaharreko eremu bateko bizilagunek ere txartelaren eskaria egin ahalko dute, zehazki Kale Nagusia 1-11/2-22, Santa Maria 3/19, Goen 1-9/2-8, Artega kalea 1 eta 2.
Orain arte gaizki aparkatutako ibilgailuei edo txartelik gabekoei jarri zaizkien isunen inguruan ere mintzatu da alkatea: “herrigune osoan isun arruntak 40 eurokoak dira, baina, aldiz, gune gorriari erreferentzia egiten zion ordenantzan 200 eurokoak izan behar zirela zegoen jasota. Horregatik aldaketa proposatzen da, eta isunak 40 eurokoak lirateke, herriko beste eremu guztietan aplikatzen direnen antzekoak”.
Txartelak ez kobratzea
Ordiziako Udalak beharrezko ikusten du herri osorako aparkaldi mugatuko sistemaren azterketa, eta hori abian jarri arte, egoiliarren txartela ez da ordaindu beharko, auzo bakarrean dagoelako soilik. Puntu hau ere Plenotik pasako da. Lanketa egin ostean, eta sistema orokorra ezartzen denean, lehen txartel horren prezioa 20 eurokoa izango da, eta bigarrenarena 75 eurokoa.
Gune gorria abian jarri zenean 201 plaza bideratu ziren helburu horrentzako eta aparkatzeko muga 20:30etatik 09:30era jarri zen, astelehenetik ostiralera, baimenduetako bizilagunentzat. Bestalde, goizeko 9:30etatik iluntzera eta asteburu zein jai egunetan gune gorri hori parking librea izango zela erabaki zen.