“Nikel isurketen aurkako neurriek emaitza onak eman dituzte. Orain, jarraipena egitea beharrezkoa da”

Ordizia eta Zaldibiako udal ordezkariak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saileko zuzendari den Javier Agirre eta Saioa Ferro teknikariarekin elkartu dira bilera telematiko bidez ostegun goizean, otsailaren 4an. Orain hilabete batzuk bi herrietan egindako neurketetan airean Nikel partikulen presentzia altua atzeman zen. Horren harira, hainbat neurri hartu dira eta emaitza horiek ezagutzera eman dizkigute, 2-3 aste barru publiko egingo dituelarik Eusko Jaurlaritzak.

 

Gaia ez da hilabete hauetako kontua. 2016an dagoeneko atzeman zen airean Nikel kopuru altua Ordiziako neurgailu batean, eta 2018ko urte amaierako datuak berriro altuak atera ziren. 2019ko azken hilabeteetan neurtu zen Zaldibian lehenengo aldiz, han ere balio altuak topatuz.

Arazo honen aurrean, jarraipen zorrotza egin zaio gaiari: “hasieratik eskatu genuen Nikel isurketen mailaren inguruko informazioa. Bilerak ere eskatu genituen, izan ere, airearen kalitatea ez da Udalen eskumena. Udalok ez ditugu baliabideak neurketa horiek egin ahal izateko, baina eskumenak ez izateak ez du esan nahi ardura ez daukagunik. Ardura handia baita gure herrietako biztanleen osasunari eragiten dieten gaiekin”, zehaztu du Adur Ezenarro Ordiziako alkateak.

Zaldibiaren kasuan, 2020ko otsailaren 6rako deitu zen bilerara gonbidatu zituzten; lehenengo aldiz izan zuten orduan arazoaren berri.

Gaur, ia urtebeteren ondoren, Eusko Jaurlaritzak eta isurien sortzaile izan diren enpresek hartutako neurriak azaldu dizkigute. Hasiera batean foko bat zegoen atzemanda Ordizian. Hor neurriak hartu, eta parametroen maila jaistea lortu bazen ere, ez zen arazoa konpondu. Beraz, beste foko bat egon zitekeela ondorioztatu zen. Zaldibian topatu zen hau. Arazoaren jatorria identifikatu zen, eta hori konpontzeko neurriak hartu ziren 2020an zehar.

Ingurumen Sailak neurri hauen emaitza zehatzak azaltzen dituen txostena 2-3 aste barru argitaratuko badu ere, aurrerapen gisa adierazi digute neurketek emandako emaitzak onak direla Ordizian zein Zaldibian, eta nikela urteko bataz besteko 20ko langaren azpitik kokatu dela. Bi Udalek gure poztasuna agertu diegu, baina baita hainbat eskaera egin ere, uste baitugu oraindik gaiari gertuko jarraipena egitea ezinbestekoa dela.

Ordiziako Udalak Eusko Jaurlaritzari gaiaren jarraipen zorrotza egiteko eskatzen dio, berresteko benetan datuen joera beheranzkoa dela.

Zaldibiako Udalaren kasuan, Gaintzako bidegurutzeko neurgailua azaroan erretiratu zuten eta Lardizabal Eskolakoa mantendu egin dute orain arte. Hala ere, hau erretiratzea erabaki dutela jakinarazi digutenez, Zaldibiako Udalak eskaera bideratuko du neurgailua bertan mantendu dadin, gutxienez 2021eko iraila-abendua tartean, airearen kalitaterako hilabete txarrenetan.

Bukatzeko, bi Udalen aldetik eskatu diegu, hainbat prozesu industrialetan aurreikusi gabeko isurketak izanda, antzeko prozesu guztietan neurri berdinak hartzeko lanak ezinbesteko ikusten ditugula. Izan ere, gure herrietan fokoak detektatu eta neurriak hartu badira ere, asko izango dira antzeman gabe egoera berean egon daitezkeen herriak lurralde osoan barrena. Honen barruan, aipatzekoa da enpresek erakutsi duten jarrera ona hasieratik harreman zuzena izan baitugu eta beharrezko neurriak hartu baitituzte.

Eusko Jaurlaritzak agindu digun txostena eskuan izatean, udal komunikazio bideetan herritarren eskuragarri jartzeko konpromisoa hartzen dugu.