Ostiralean, Zuhaitz Eguna
Fruta arbolak landatuko dira San Juan auzoko Baratze parke ondoko lursailean
Urteroko ohiturari helduz eta ingurumena zaintzearen garrantziaz jabetuz, ostiral honetan, hilak 26, Zuhaitz Eguna ospatuko dugu Ordizian. Urtero leku berezi bat egiten da zuhaitzak landatzeko, eremua zehazki aukeratuz, eta baita landatuko diren zuhaitzak ere. Aurtengo kasuan, San Juan auzoan kokatuta dagoen Ordiziako Baratze ondoko lursailean egingo dira landaketak.
Zuhaitzak landatzeaz Urdaneta ikastetxeko eta Jakintza ikastolako 6. mailako ikasleak arduratuko dira; horretarako, beharrezko materiala eskuragai izango dute, eta Udal langileak ere lagunduko diete haien zeregina betetzen.
Goizez egingo da jarduera hau. Urdaneta ikastetxeko 7 talde ezberdin 09:30etatik 11:00etara arituko dira lanean; guztira, 71 ikasle. Haien ondoren Jakintza ikastolakoen txanda izango da; kasu honetan, 56 ikasle arituko dira, 2 taldetan banatuta. 11:00etatik 12:00etara arituko dira hauek.
Aurtengo egoera dudarik gabe berezia da, eta beraz, ikastetxe bakoitzak dituen burbuila taldeak mantendu egingo dira uneoro.
Landatuko diren arbolak, bestalde, fruta arbolak izango dira. 8 sagarrarenak (4 barietate ezberdinekoak), 4 udare (3 barietate ezberdinetakoak), limoneroa, laranjondoa, gereiziondoa... Horiez gain, albarikoke, brinoi, paraguaio eta melokotoi arbolak ere landatuko dira, masusta eta franbuesekin batera. Azken horiek guztiak txikiak izanda, espalderan jarriko dira.