Ekogela: birziklatuz, produktu berriak sortuz
Ordiziako Udalak ingurumenarekiko errespetua eta iraunkortasunaren kultura dinamizatzeko eta sentsibilizatzeko helburuarekin azaroaren azkeneko astean Europako hondakinen murrizketa astearekin bat egin, eta bertan aurkeztu zuen Ekogela proiektu berritzailea. Hain zuzen ere, Ordizia 2030 Ekintza Planean jasota dagoen moduan, gai estrategikoa da ingurumenaren zaintza. Eta bide horretan, Ordiziako Udalak Ekomodo enpresarekin eta Ordiziako Jakintza, Urdaneta eta Oianguren ikastetxeekin batera hasi zuen egitasmoa da, eta herritarren parte hartzea ere nabarmena izan da.
Tapoi bilketa martxan egon da Barrena jauregian, Oiangurenen, Jakintzako bi eraikinetan, Urdanetako bi eraikinetan, Zuhaiztin eta Majori-Altamira kiroldegian. Baina zer egingo da tapoi horiekin? Behin bildu ondoren, horiek birziklatu eta produktu berria sortuko da. Hain zuzen ere, banku bat sortuko da eta hori herrian zehar jarriko da.
“Oso gustura gaude jendeak izan duen parte hartzearekin. Tapoi ugari bildu ditugu eta orain horiekin eserleku bat sortzeko prozesua hasiko da, eta prozesu hori amaitutakoan kokatuko dugu eserlekua. Zalantzarik gabe dugun erronka handienetakoa da ahalik eta hondakin gutxien sortea, baina behin sortuta dagoela bigarren erabilera bat ematea ere garrantzitsua da. Ekonomia zirkularrean oinarrituta, tapoi horietatik aulkia sortuko da. Modu horretan, Ordizia 2030 Ekintza Planean jasotako helburuak betetzen goaz”, nabarmendu du Maitane Alvarez, Ordiziako alkateordeak.