Eskola Agenda 2030eko udal audientzia egin da gaur
Eskola Agenda 2030eko Udal audientzia egin da gaur goizean. 15. Garapen Jasangarriko Helburuaren inguruko lanketa egin dute Oianguren, Jakintza eta Urdanetako ikasleek, hain zuzen ere, zelaiak, larreak eta landare-itsutasuna. Lanketa horren ondorioak, konpromisoak eta proposamenak elkarbanatu dituzte Adur Ezenarro alkate eta Maitane Alvarez alkateordearekin.
Egindako lanketako ondorioetako bat izan da belardietan jolasten asko gozatzen dutela eta bertan animalia ugari bizi direla. Alderdi txarrak ere ikusteko aukera izan dute lanketa honi esker, besteak beste, belardi batzuetan jendeak zaborrak botatzen dituela.
Herriko belardien inguruko kezkak ere helarazi dituzte, hala nola, azken hamarkadetan desagertu diren belardi eta larreei erreferentzia eginez.
Konpromisoak ere hartu dituzte udalerriko gazteek. Hain zuzen, “gutxiago kutsatuko dugu eta zaborra ez dugu lurrera botako”, izan da adierazitako konpromisoetako bat. Zuhaitzen landaketetan parte hartzeko prestutasuna adierazteaz gain, babesguneak eraiki eta zaintzeko asmoa erakutsi dute.
Udalak esker onez hartu ditu ikasleen ekarpenak. “Guretzako oso garrantzitsua da zuen ikuspegia. Udalak konpromiso irmoa du jasangarritasunarekin eta gure udalerriarekin, horregatik lanean jarraituko dugu. Besteak beste, hondakinei bigarren bizitza bat emateko kanpainak segiko dute eta baita zuhaitz landaketek ere. Zuoi ere eskatzen dizuegu zaborrak dagokion gunera botatzea, guztion artean herri garbiagoa egin dezagun”, zehaztu du Adur Ezenarro alkateak.