Espazio publikoa eraldatzeko laborategia egingo da asteburuan Ordizian
Ordiziako ikastetxeek euren egunak ospatuko dituzte asteburu honetan, Jakintzak, ekainak 17, ostiralean, eta Urdanetak, ekainak 18, larunbatean, eta herri gunea haurrez beteko da. Horregatik asteburu honetan proposatzen da espazio publikoa eraldatzeko laborategia.
Ekitaldiak plaza, frontoia eta Zuhaizti (Arboleda) artean egingo dira eta horregatik asteburu hau aukeratu da Donostiako Arkitektura Eskolan Koldo Telleria eta Irati Otamendik daramaten 5. mailako Gune Irekien Antolakuntza eta Hiri Ekipamenduak ( https://sites.google.com/view/auzo-sorkuntza ) ikasgaiko 9 ikasleek 3 lan-taldeetan garatu dituzten proposamenak ordiziarrei erakusteko.
“Unibertsitatetik Udalarekin jarri ziren harremanetan ikasleekin burutu behar zituzten proiektuak espazio eta egoera errealetan oinarritu nahi zituztela adierazi eta Ordizian espazio publikoaren lanketa egiteko proposamenarekin. Udaletik Ordizia ezagutzera gonbidatu genituen, herria erakutsi genien, zeuden espazio publiko ezberdinak ikusi zituzten, proiektua non garatu nahi zuten erabakitzeko”, zehaztu du Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak.
Gauzak honela, “Barrena inguruko espazioa lantzea proposatu dute ikasleek, Nikolas Lekuona plaza, Fray Andres eremua, frontoia, Zuhaiztia, baina bata Barrena parkea, Gudarien etorbidea eta Jose Migel Barandiaran enparantza hartzen dituen espazio publiko osoa, alegia. Espazio publiko hauek elkarren ondoan daude, baina era berean oinezkoentzat elkarrengandik aldenduta era bai. Horregatik, orokorrean proposamena da, poliki-poliki espazio publiko hauek euren artean josten joatea, oinezko espazio jarraiak bilaka daitezen”.
Hala ere, proba bat izango da asteburuan egingo dena: egindako hausnarketa eta lanketaren ondoren, Arkitektura Eskolako ikasleek laborategi bat egitea proposatu zuten. Modu honetan, inolako eraldaketarik egin baino lehen, ordiziarrek aukera izan dezaten espazio horiek elkarrekin batuta eta oinezkotuta, nola funtzionatzen duten ikusteko.
“Nagusiki egingo dena da eraldaketa taktikoa, hirigintza taktikoa. Ehin betiko aldaketa eta gastua egin aurretik, herritarrei erakutsi beti kotxez inguru bat, aurrekontu gutxi eta moldaketa azkarrekin, beste bizipen bat izateko aukera eman nahi zaio herritarrari”, zehaztu du Telleriak. Proba hori asteburu honetan egingo da, espazio horretan ikastetxeetako eskolak ibiliko direla probestuta.
Aldaketa trafikoan
“Fray Andres inguruko asfaltuzko espazio zabala kolorez margotuko da, oinezko izaera autoen errepideen gainetik gailendu dadin. Pintaketa lan batzuk behin betikoak izango dira, eta beste batzuk ikasleek margotuko dituzte ostiralean eta larunbatean, elikadura koloranteekin egindako margoekin, baina parte-hartze deialdia herritarrentzat ere zabaldurik dago. Herritarrena da espazio publikoa, eta eraldaketan beraiek protagonista izatea nahi dugu”, gehitu du Otamendik.
Arkitektura eskolako ikasleak ostiralean 16:00etatik 20:00tara eta larunbatean 10:30-13:30 eta 16:00-19:00etara egongo dira.
Era berean, arkitektura eskolako ikasleek burutu dituzten hainbat altzari ekarriko dira, eremua oinezko espazio publiko bezala egokitzeko. Altzari horien artean, ikasleek landutako proiektuak azaltzen dituzten panelak egongo dira, eta ikasleen helburua da, proposamenak ordiziarrei azaldu eta erakustea herritarren iritzi ezberdinak jaso ahal izateko. “Guretzako oso aberasgarria da klasetik kanpo proiektu hau aukeratu ahal izatea. Ingurune hau herritarrek bere sentitzea nahi dugu, ikus dezatela bere osotasunean zein aukera dituen”, gehitu dute Mikel Idiakez eta Saray Hernandez ikasleek.
Fray Andres inguruko espazioa asteazkenetik astelehenera itxita egongo da, eta trafikoa ezingo da bertatik igaro. Horretarako, Alde zaharretik irteera Euskal Herria kaletik bideratuko da, eta Etxezarreta kaletik berriz, Gudarien etorbidetik behera.
Foruen Pasealekua eta Gudarien Etorbideko aparkalekuak ostiral arratsaldean eta larunbatean zehar beharren arabera hartuko dira, eta bi norabideetarako sarbideak antolatuko dira, hoteletik eta Aita Urdaneta etxaldetik sartu eta irten beharko baita bi eremuetara.