AUZOKONPOSTARAKO GUNEA INAUGURATU DUTE
Arana auzoan dago gunea
Gaur inauguratu dute Arana auzoko Araba kalean dagoen aukonpostarako gunea arratsaldeko 19:00etan. Ordiziako Udaletxeko eta Sasieta Garbiguneko bi arduradunek izan dute azalpenak emateko ardura. Horiez gain, auzokonpostaren prozesuan parte hartu behar duten bizilagunak gerturatu dira.
Iban Asenjok, Zerbitzuetako zinegotziak, eta Enrique Enparantzak, Sasieta Garbiguneko teknikariak, auzokonpostarako gunearen nolakotasuna azaldu dute. Bestetik, Leire Garmendiak, Garapen Iraunkor eta mugikortasuna saileko arduradunak, eta Sasietako teknikaria den Idoia Zeberiok izan dute parte hartuko duten bizilagunei azalpenak emateko ardura.
Guneak hiru edukiontzi ditu. Erdian dagoena konpostagunetik lortzen den estrukturantez, hostoak, makilak...dago beteta eta beste biak konpostagailuak dira. Oraingoz bi dauden arren, beste pare bat jarriko dituztela baieztatu dute arduradunek. Izan ere, asmoa bat betetzean hutsik egongo den beste bat prest izatea baita.
Bizilagunek konpostagailura botatzen duten materia organikoren ontzi bakoitzeko, estrukturantez betetako ontzi erdi botatzea beharrezkoa dute. Ondoren, gunean dagoen makilaz lagunduta, astindu egingo dute. Aipatzeko da ez dagoela gunera joateko ordutegi finkorik.
Momentuz 11 familiak hartuko dute parte auzokonposta egiteko prozesuan.Konpostagailu baterako pertsona gehiegi dira eta bi daudenez, bakoitzeko talde bat sortu dute.
Hori horrela, A taldean 12 pertsona dira denera eta Bn aldiz 14. Talde bakoitzeko arduradun bat egotea gomendatu diete bizilagunei; euren artean aukeratutakoa eta zenbatean behin aldatuko den adostuta. Honen ardura taldearen ontzia kontrolatzea da. Konpostagailuan dagoen materia organikoa eta estrukturantea astean pare bat alditan sakon astintzea konposta ona izan dadin.