UZTAILAREN 12AN HASIKO DA ORDIZIA HONDAKINAK ATEZ ATE BILTZEN
Ordiziak atez atekoari aukera bat eman nahi diola adierazi du Udalak
Ordizia uztailaren 12an hasiko da hondakinak atez ate biltzen. Hala jakinarazi du gaur Igor Eguren Ordiziako alkateak, udal gobernu taldeko kideak ondoan zituela. "Atez ateko gaikako bilketa ezartzeko prozesuak Ordiziako Udalari hilabeteetako lanak suposatu arren, esan behar dugu prozesua burura eramaten ari garela". Asteburuan Atez atekoaren aurkako ekimenak deitutako kontsultaren harira, udalak adierazi du oraindik ez zaizkiola jakinarazi era ofizial batean galdeketaren emaitzak. "Udala ez da ehunekoen dantzan sartuko, baina argi gelditu da botoa ematera deitutako ordiziarren herena agertu dela aurka. Horrek esan nahi du ordiziarren bi herenek atez atekoari aukera ematearen aldeko hautua egin dutela". Ezadostasun horri aurre egiteko hainbat ekimen jarriko ditu martxan udalak.
Atez ateko bilketarako ontzien banaketa joan den astean hasi zen hainbat auzotan (San Joan eta San Bartolome eremuetan), eta aste honetan herriko gainontzeko auzoetako herritarrek jaso ahal izan dituzte haien ontziak. "Gogoratu, baita ere, kuboak haien auzoetan jaso ezin izan duten herritarrek, asteburuan, larunbat eta igande goizean ontziak hartzeko aukera izango dutela berriz frontoian", adierazi du Egurenek.
Zintzilikarioak jartzen ere joan den astean hasi zen udala. "Jartzen lehenak zintzilikarioen kokapena aldatzeko eskatu eta jartzeko leku zehatza proposatu duten jabekideenak izan dira". Udala aldaketa proposamenak aztertzen aritu da atzo arte eta bizilagunek proposatutako aldaketen ia gehienak onartu ditu. "Onartu ez dituenak arrazoi teknikoak aintzat hartuta izan dira". Azken horiek gaur bertan hasiko dira jartzen.
Kontsultari buruzko irakurketa
Atez atekoaren aurkako plataformak deitutako kontsultaren harira, udalak adierazi du oraindik ez zaizkiola jakinarazi era ofizial batean kontsultaren emaitzak, eta komunikabideen bidez ezagutu dituela. "Udala ez da ehunekoen dantzan sartuko, baina argi gelditu dena da botoa ematera deitutakoen herena izan dela, gutxi gora behera, kontsulta deialdiari kasu eginez atez ateko bilketaren aurka bozka eman duena. Horrek esan nahi du ordiziarren bi herenek atez atekoari aukera ematearen aldeko hautua egin dutela".
Igor Egurenek nabarmendu duenez, Ordiziako Udala "indartuta" atera da hilabeteko prozesu honetatik. "Indartuta atera da, batez ere, prozesuan zehar parte hartu duten 1.300dik gora herritarrek egindako ekarpenengatik, atez ateko sistemaren alde ala kontra egon". Udala, hala ere, jabetzen da oraindik herritar kopuru handi batek ez duela abegiz hartzen udalaren erabakia, izan desadostasunarengatik, izan informazio faltarengatik, izan ezezagutzarengatik.
"Udalak horri guztiari erantzuteko ardura dauka, eta horretarako hainbat ekimen jarriko ditu martxan; hala nola, birziklatze tailerrak, edo ezinduei ontziak etxera gerturatzea". Horrez gain, irailean atez atekoaren jarraipen batzorde bat ere sortuko du udalak: "Orduan dira hastekoak Auzoz auzo ekimenaren bilerak, eta bilkura horiek erabiliko dira, besteak beste, auzoetako zein atarietako ordezkariekin, bilketa sistemaren inguruko iritziak ezagutzeko eta sistema bera hobetuko duten neurriak hartzeko".
Uztailaren 12an jarriko da martxan
Ordizia uztailaren 12n hasiko da etxeetako hondakinak atez ate biltzen, Egurenek aurreratu duenez. "Ordizian Zero Zabor filosofiarekin lan egiten jarraitu behar dugu. Horretarako ez da nahikoa alderdi batzuen eta udalaren bultzada, herritarrok gara hondakinak ondo kudeatzearen bermea". Bide horretan, aurrera begiratzea "ezinbestekoa" dela adierazi du, eta ordiziar guztiei "elkarrekin aritzeko" deia egin die. "Informazioa zabaltzen jarraitu behar dugu, kontzientziatzen, hobekuntzak ezartzen. Eta hori guztia herritarren, eragileen eta udalaren artean".
Ordizia eta Goierri Euskal Herri guztiarentzat "erreferente izatea lortu behar" dela adierazi du alkateak. "Ondo egingo dugulako eredugarri izango gara".