ATEZ ATEKO BILKETARAKO ONTZIAK DOAN JASOTZEKO AZKEN EGUNAK
Ostiralean, uztailaren 12an, hasiko atez ateko bilketa Ordizian
Gaurtik ostegunera bitarte, uztailaren 9etik 11ra, arduratuko da Ordiziako Udala Atez ateko ontziak doan banatzeaz. Bonberian (Diego Rivero, 2) eta Alumalan pabilioian (Mallutz industrialdea 6-C) egingo da ontzi banaketa hiru egun hauetan, 19:00etatik 21:00etara. Atzo, berriz, taberna eta dendarien artean ontziak banatzeari ekin zion udalak.
Bonberian San Bartolome, Urdaneta eta Eskarabillako auzotarrek jaso beharko dituzte kuboak; eta Alumalanen, San Joan, Buztuntza, Altamira, Majori, Otegienea, Txindoki eta Erdigunekoek. Dagoeneko ontzien %92 banatu dira, eta 300 familia dira oraindik kuboak jaso ez dituztenak. Udalak ontzien bila joateko deia egin nahi die familia horiei.
Ostiralean, uztailaren 12an, hasiko da Atez ateko hondakin bilketa Ordizian. Organikoa atera beharko da egun horretan, zulorik gabeko ontzi marroian, eta etxe atarietako zintzilikarioetan jarri. Zintzilikarioak ez dira poltsak zintzilikatzeko.
Horrez gain, ostegunera bitarte tailerrak egingo dira auzoetan, herritarrei atez ateko bilketa egokirako sor dakizkiekeen zalantzak argitzen laguntzeko. Gaur, uztailak 9, Altamiran (11:00etan eta 18.00etan) eta Otegienean (13:00ean eta 19:00etan) izango dira tailerrak; bihar, uztailak 10, Arboledan (11:00etan eta 18:00etan) eta Plaza Nagusian (13:00ean eta 19:00etan); eta etzi, uztailak 11, Buztuntza plazan (11:00etan), San Joanen (13:00), Torresolen (18:00) eta Eskarabillako parkinean (19:00).
Santa Ana jaietan ordutegi berezia
Santa Ana jaietan, berriz, hondakinak ateratzeko ordutegia ezberdina izango da. Uztailaren 19an eta 20an, eta uztailaren 24tik 27ra, 13:30etatik 15:30etara atera behar dira hondakinak. Bilketa 15:30etan hasiko da.
Zalantzak argitzeko eta edozein kontsultarako Atez ateko informazio bulegora jo daiteke: Asteazkena (09:30-13:30 eta 17:00-19:00) eta ostirala (11:30-13:30 eta 17:00-19:00). Telefonoa: 608 675 791 eta posta elektronikoa: Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko..