Ordiziako jaien atariko beste klasiko bat, Boxeo Gaua egingo dute ostiral honetan. Bederatzi borrokaldi izango dira izango dira guztira, eta ekitaldian, Pedro Mari Goikoetxea telebista aurkezlea omenduko dute. Jaialdia ostiral gaueko 22:30ean hasiko da, Beti Alai pilotalekuan. Sarrerak, aldez aurretik Amonane tabernan daude salgai, eta egunean bertan, Beti Alain bertan erosi ahal izango dira.

Boxing Ciclo Club elkarteak antolatzen du ekitaldia, eta gogorarazi dute Ordiziako jaialdia 1952. urtetik ospatzen dela, eta estatu mailako zaharrenetakoa dela. Iazko ekitaldiak izandako arrakastak jaialdia antolatzen jarraitzeko ilusioa areagotu dietela azaldu dute. Baita jaialdi hau antolatzeak duen lana eta zailtasunak ere; horregatik, laguntza ematen duten denda, taberna eta Goierriko enpresen ekarpena eskertu nahi izan dute.

Adur Ezenarro alkateak ere, "Boxing CC bezalako elkarte txiki batentzat honelako jaialdi bat eta ikuskizun bat antolatzea izugarrizko esfortzua" dela gogorarazi du, eta eskerrak eman dizkie urtero Boxeo Gaua posible egiten duten guztiei. 

Aurtengo ekitaldian, Pedro Mari Goikoetxea telebista aurkezlea omenduko dute, Boxeo Izarrak telebista saioan eta Euskal Herrian boxeoa ezagutzera emateko egindako lanagatik. Goikoetxeak esker onez hartu du gonbitea, eta "hainbeste urtetan boxeo saio bat egin izanaren errekonozimendu gisa" hartzen duela azaldu du. "Boxeozale moduan, Ordizia beti izan da erreferentzia bat, ikusi besterik ez dago zenbat boxeolari pasa diren hemendik, Urtain, Carrasco, Poli Diaz... horrek tradizio bat dagoela esan nahi du, eta hor nik toki txiki bat izateagatik esker ona agertu nahi dut". 

Ordiziako jaialdiaren koordinatzaile den Jose Luis Zelaiak, saioari buruzko hainbat xehetasun eman ditu. Guztira 9 borrokaldi izango dira, 5 amateur mailakoak, 2 K1ekoak, bat amateurra eta bestea profesionala; eta beste 2 borrokaldi profesional mailako boxeolarienak. Bukatzeko, "jendearen gustuko jaialdia" izatea espero duela esan du Zelaiak.

Parte hartuko duten boxeolarietako batzuk ere izan dira gaurko aurkezpen ekitaldian. Haiek ere, Ordiziak boxeo munduan duen izena nabarmendu eta ostiralerako "gogo handiz" daudela azaldu dute.

 

Boxing 2024