Irailaren 23tik 30era Europako Kirolaren Astea ospatuko da. Nazioartean aste horren harira antolatzen diren ekimenetan, 11 milioi europarrek baino gehiagok parte hartu zuten 2023an. Bide horretan, Majori kiroldegiak eta Orkli kooperatibak bat egin nahi dute aste horrekin, MajOrklitoia antolatuta.

Zalantzarik gabe, gizarteak geroz eta aktibitate gutxiago egiten du eta egunerokotasunean gutxiago mugitu behar du. Baina ez gara konturatzen gure gorputza mugitzeko egina dagoela, eta ondoen dagoenean mugitzen dela gehien. Horregatik, gaur egun, osasuntsuago egoteko, kirola diseinatu behar izan dugu, gure beharrak asetzeko behar dugun mugimendu baxua baita.

MajOrklitoia, Majori, Orkli eta maratoia hitzen elkartzetik dator. Hain zuzen ere, hori da geure buruari jarri diogun erronka: zenbat maratoi egin ditzakegu astebetean denon artean? Igerian, korrika nahiz bizikletan, zenbat kilometro egiteko prest gaude gure osasunaren alde?

Bi entitate hauek antolatutako ekimena izaki, Majoriko abonatu guztiak eta Orkliko langileak inplikatu nahi ditugu MajOrklitoian. Astebetez, ahalik eta kirol gehien eta kilometro gehien egitea da helburua. Hala, ahalegin fisikoaren bidez desplazamendua eskatzen duten jarduera guztiak hartuko dira kontuan, hala nola ibiltzea, korrika egitea, bizikletaz joatea eta igeri egitea.

Kilometroak neurtzeko, Strava aplikazioa jaitsi eta bertan erregistratu behar da. Hiru modutan neurtuko dira egindako kilometroak:

  • Oinez edo korrika egindako kilometroek beren balioa izango dute (x1)
  • Bizikletan egindako kilometroek erdia balioko dute (x0,5)
  • Igerian egindako kilometroek bikoitza balioko dute (x2)

42 kilometro korrika egitearen pare mugitzen diren partehartzaileen artean, Majori kiroldegiko urteko abonu bat zozkatuko da.

Orkliko langileek berriz, Ciclogreen APPa erabili behar dute.  Oinez egindako kilometro bakoitzeko 4 ziklo lortuko dituzte, korrika egindako kilometroko 3 ziklo, bizikletan 2 ziklo eta igerian, 8 ziklo. Hala, 126 ziklo edo gehiago (42 km-ren baliokidea) dituztenen artean, Majori kiroldegiko urteko abonu bat zozkatuko da.