Pirritx eta porrotxIrrien Lagunak Gizartegintza Elkarteak antolatu du elkartasuna eta bizipoza ardatz duen festa

Irrien Lagunak Klubak ardatz eta esanahi berriak eman dizkie urtero antolatu ohi zuen jaiari: Bizipozaren jaia ospatuko dute aurrerantzean. Behar bereziak dituzten haurrei eta haien familiei babesa eta elkartasuna eskaintzeko eguna izango da, "bizipozarekin eta auzolanean". Lazkaon izango da jaialdia datorren igandean, hilak 22, 10:00etatik aurrera.


Irrien Lagunak Gizartegitza Elkartea (ILGE) sortzea erabaki du Irrien Lagunak klubak. "Behar bereziak dituzten haurren eta haien familien bizi-baldintzak hobetzeko lan egiten duten kolektiboei proiektu eta egitura egonkor batekin erantzuteko ahalegina da", elkarteak berak ezagutzera eman duenez. Behar afektiboak eta materialak asetzen eta haien eguneroko errealitatea gizarteratzen lagundu nahi die.

Oraingoz, 22 elkartek parte hartzen badute, aurrerantzean elkarte gehiagok ere parte hartzeko aukera izango dute ILGEn, egitasmo irekia baita. ILGE sortzeaz aparte, boluntario sare bat antolatu nahi dute, beharra dutenei bisitak egiteko eta jaialdiak antolatzeko, adibidez. Kontseilu bat ere osatu nahi dute.

Zapi pirata jantzita

Irailaren 22an Lazkaon egingo duten jaia izango da asmo berri horientzako erakusleiho. Jaiarekin lortutako etekinen parte bat ILGE proiektura eramango dute; beste partea, jaia antolatu duen herriak erabakiko du zein proiekturi eman. Aurten ILGEri berari ematea erabaki du Lazkaok.

Jaialdira sartzeko, zapi pirata bat erosi beharko dute bertaratu nahi dutenek. Dendetan edo egunean bertan, Lazkaon erosi ahal izango dute zapia, bost euroan. Seme-alabak dituzten familiek hamar euroan hartu ahal izango dituzte, eta Irrien Lagunak Klubeko txartela dutenek doan izango dute sarrera.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:www.irrienlagunak.com

2013-09-22 Bizipozaren jaialdia