AMETS BIDEK KANTU ESKEAN ATERATZEKO DEIA EGIN DIE HERRITARREI
Lehen entsegua hilaren 29an egingo da Majoriko aerobick-eko gelan
Dantzaren sustapena ez ezik, euskal kulturaren espresio ezberdinak plazaratzearen aldeko lana egiten du Amets Bide Kultur Elkarteak. Aurten, Eguberri bezperan kantu eskean ateratzeko ohiturari heldu nahi dio, eta egun horri begira, kanturako entsegu batzuk antolatu ditu Amets Bidek. Lehen entsegua hilaren 29an, ostirala, izango da Majori Kiroldegiko aerobick-eko gelan, 19:00etan.
"Garrantzitsua iruditzen zaigu Euskal Herrian, eta nola ez, gure herrian dauden tradizioei eutsi eta garai batekoak berreskuratzea. Horren lekuko dira, besteen artean, urtetik urtera indartzen ari diren San Pedro bezpera eta Oianguko erromeria, esaterako", adierazi du elkarteak.
Abenduaren 24rako gonbidapena
Amets Bidekoek honako plana dute abenduaren 24ari: goizean, 11:00ak aldera elkartu, herrian zehar abestu, eta Alde Zaharrean bukatu goizeko saioa. Ondoren, bazkaldu, eta Ander Matxain trikitilariarekin girotu bazkalondorena. "Haur, gazte, heldu, elkarte, kuadrilla, lagun, familia... denok daukagu paregabeko eguna pasatzeko aukera", dio Amets Bidek, herritar guztiei animatzeko eta parte hartzeko deia egitearekin bat.