TXOTXONGILO JAIALDIA ORDIZIAN
Asteartea eskola saioa eta asteazkena saio irekia arratsaldean, Herri Antzokian.
Ordiziako Udaleko Kultura sailak antolatuta, Tolosako Turismo Ekinbide Etxearen laguntzaz, hogeitabost urtez segidan, eta Tolosan egiten den Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia aprobetxatuz, Ordizian egunotan kalitate handiko bi talde izango dira Herri Antzokian. Bi saio izango dira, lehena asteartean eskolentzat zuzendua eta bigarrena, asteazkenean, saio irekia izango da, 17:30etan Keniako Krystal Puppeteers taldearekin
.
Egitaraua hasteko, asteartean, hilaren 26an, eta goizeko saioan, Ordiziako ikastetxeei eskainitako saioan alegia, Herri Antzokian Argentina-Andaluziako "La Canela Titeres" txotxongilo taldearen "Basilisa" lana ikusiko da. Lanaren sipnosia: Basilisaren ama gaixo dago, hilzorian. Ohetik, alaba bere albora deitu eta Basilisa bera bezalakoxea den panpina eman dio, panpin musu zuridun, zapata gorridun, gona belztuna. Amak azaltzen dio inoiz galduz gero edo laguntza beharrez gero, panpinari zer egin galde diezaiokela. Baina ohartarazten dio ezin diola ez panpina inori erakutsi, ezta hari jatekorik eman ere. Ama hil egiten da eta Basilisak, panpina zeharo ahaztuta, luzaroan deitoratzen du haren falta. Egun batean, Basilisaren aita berriz ezkontzen da bi alaba dituen emakume batekin. Hiru emakumeek Basilisa oinazetzen dute aitaren ezkutuan; gorroto bizia diote, neska ederra eta xaloa baita.
Asteazkenean, arratsaldeko 17:30etan, saio irekia izango da, jende guztiarentzat, Kenyako "Krystal Puppeteers" konpainiak "Lagrimas junto al rio" izeneko lana eskeiniko du. Txotxongilo-antzerkiaren izaera alegorikoak eta metaforikoak Afrikan hartzen du beharbada bere puntu gailena. Herritarren usuetan eta sinesmenetan errotua, beste inon ez da txotxongiloa, hemen bezala, txotxongilo bat baino gehiago, eta aldi berean, harez bestelako zerbait: figura bakoitza magikoa da eta naturaz gaindiko botereekin harremanetan dago, horrexegatik erakutsi diezaieke gizonei nola joan bizitzan bide onetik. Antzerkiak funtzio baliagarria, erlijiosoa eta soziala betetzen du hemen, ohi bezala. Ez da eranskin baztergarri bat, premiazko giza-behar bilakatutako indar kultural boteretsua baizik.
Tears by the River (Malkoak ibaiertzean) antzezlanarekin, Krystal Puppeteers taldeak Libendi tximu kementsuaren istorioa kontatzen du. Libendik bere sorlekua utzi du, hainbat anai-arreba hil dizkion gosete latzetik iheska. Zorigaiztoko bidai horrek ibai bateraino eramango du; bertan hilko da, indargabe eta ahul. Basoko animaliek ohore egin nahi diote oihaneko errege izendatuz eta ibai handienari Libendi izena jarriaz. Bizitzari buruzko tragikomedia barregarria da hau, abestiak, dantzak, txotxongiloak eta afrikar erritmoak uztartzen dituena, eta jende guztiari zuzendua.