NIKOLAS LEKUONA JAIO ZENEKO MENDEURRENA (1913-2013)
Artistaren jaio zeneko mendeurrena ospatzeko erakusketa berezia eta hitzaldia antolatu dira.
Abenduaren 13an, arratsaldeko 19:00etan Barrena Kultur Etxean: "Nicolas Lekuona: abangoardista baten egungo irakurketa.1913-2013" erakusketa zabalduko da.
Abenduaren 19an, arratsaldeko 7etan, Barrenan: "Ehun urtetik lau: zergatik den hain garrantzitsua Nikolas Lekuonaren lana"hitzaldia. Hizlaria: Asier Mendizabal.
Datorren abenduaren 19an beteko dira 100 urte, Nikolas Lekuona, artista ordiziar handia jaio zela. Urteurrena dela eta, Ordizia Udaleko Kultura pare bat ekitaldi antolatu ditu artista gogorarazteko. Lehena, argazki erakusketa berezia Lekuonaren omenez, ostiral honetan, hilaren 13an, arratsaldeko 7etan zabalduko dena Barrena Kultur Etxean.
"Nicolas Lekuona: abangoardista baten egungo irakurketa.1913-2013" izeneko erakusketa, Ortzadar Argazki Elkarteak egindako erakusketa da eta Ordiziako Udalak artistaren urteurrena ospatzeko egindako proposamenari erantzuten dio.
Erakusketaren katalogoan horrela aurkezten dute erakukesta antolatzaileak:
"Urteurren esanguratsu hau ospatzeko, Ortzadar Ordizia argazki elkarteko kideok merezitako omenaldia egin nahi diogu artistari eta horretarako hemen ikusten duzun erakusketa hau prestatu dugu.
Benetan merezi duen errekonozimendua nola egin, hasieratik buruhausteak sortu zituen gaia izan da guretzat. Lehenik eta behin gu argazkilariak gara. Lekuona, artista multidisziplinarra zen. Hau argi izanda, bere obra berrinterpretatzea izan zen gure aukera, baina argazki edo collage-ak aintzakotzat hartuta soilik. Hau azkenean, gure omenaldi txikia da, eta argazkilariok beste argazkilari bati egin nahi dioguna. Osoa? Batzuentzat ez, baina guri bene-benetan osatu eta bete egin gaituena.
Helburua garbi izanda, gure miresmena adieraztea besterik ez dugu nahi. Nahiz eta 70 urtetik gora pasa izan, eta gaurko egunean eskuetan lanabes oso indartsuak izan, lan askorekin zailtasun handiak izan ditugu, eta ezinezkoa izan zaigu lanen bat edo beste aurrera ateratzea. A zer meritua, bere egunean, egindako lanen kalitate zailtasun tekniko eta artistikoa!!!!
Lanen izpiritua ahalik eta osoen mantentzen saiatu gara. Horretarako autorretratua zen lanean, guk berdin jokatu dugu. Erretratua familiarteko bat zenean, kidetza berdina mantentzen saiatu gara. Erabili ditugun kamerak nahiz eta digitalak izan, orduko ikuspuntuak mantentzen saiatu gara 35 eta 50mmko optikak erabiliaz. Hau dena, ezinezkoa den helburu baten bila: Lekuonaren izpiritua harrapatzea. Lanen batean, gutxienez Lekuonaren izpiritua agertzen bazaizu, gure lanak jaso dezaken errekonozimendu handiena egin diguzu.
Lan batzuetan, "kopia" eguneratu bat egin dugu, errealitatearekin jolasten dugunontzat, eta oso artista ez garenontzat nahikoa lan egitera bultzatu gaituena. Beste kasu batzuetan, teknologia berrien aurrerapena erabiliz, Lekuonak agian egingo zukeen lana asmatzen saiatu gara.
Gai eta lanen aukeraketa egiteko orduan, ez da erreza izan. Teknikatik haratago, eta alde artistikoa aintzat hartuta, argazkietan oso argiak dira, alde batetik "konstruktibismoa" mugimenduaren eragina, eta bestetik bere humore eta drama. Gaiak, bereak, betikoak, bere ikasketa, garapen eta esperimentazio sakon baten ondoren ederki aurrera ateratakoak. Hau islatzen saiatu gara egindako aukeraketarekin.
Hemendik, lanak, lasai eta patxadaz ikustea gonbidatzen zaituztegu, errazak eta ohikoak ez diren gai eta moldeak bai daude. Hartu denbora eta gozatu!
Ezin dugu, gurekin batera, Lekuonaren izpiritua ekarriaz, bertan aurkitzen diren 4 obra originalei buruz aipamenik ez egin. Honek neurria ematen bai die, gure lanei, eta beste garai batera eramaten.
Ziur gaude, dagoen lekuan dagoela, pozik eta ohorez hartuko duela omenalditxo hau"
Lekuonaren figurari omenaldi txiki hau osatzeko, datorren abenduaren 19an (bere jaiotze data), Asier Mendizabal, artista ordiziarra ere, "Ehun urtetik lau: zergatik den hain garrantzitsua Nikolas Lekuonaren lana" izenburuko hitzaldia eskainiko du Barrena Kultur Etxean, arratsaldeko 7etan.
Erakusketa urtarrilaren 3a arte egongo da zabalik, ohiko ordutegiarekin, arratsaldkeo 6etatik 8etara.
Hemen duzu erakusketaren katalogoa:
NIKOLAS LEKUONA 1913-2013.ERAKUSKETAREN KATALOGOA