BEC-EKO BERTSOLARI FINALISTEKIN SAIOA HILAREN 30EAN MAJORIN
Sarrerak salgai daude dagoeneko; aurrez 10 euro balio dute eta egunean bertan 12
Azken urteetako ohitura jarraituz, Goierriko Bertso Eskolak eta Argi Berri elkarteak Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa finalistekin saioa antolatu dute aurten ere. Hilaren 30ean izango da, astelehena, 18:00etan, Majori kiroldegian.
Asteartean egin zuten saioaren aurkezpena Barrenako bertsolari eskolan Aitor Calvillo, Joxemari Barandiaran eta Inaxio Usarralde Goierriko Bertso Eskola kideek eta Belen Maiza Ordiziako Udaleko Kultura zinegotziak.
Honako zortzi bertsolariak ariko dira kantuan: Amets Arzalluz, Maialen Lujanbio, Igor Elortza, Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Unai Iturriaga, Beñat Gaztelumendi eta Sustrai Colina. Gai jartzaile lanetan, berriz, Inaxio Usarralde eta Ainhoa Mujika ariko dira.
Sarrerak salgai
Bertso saiorako sarrerak salgai jarri dituzte dagoeneko. Honako tokietan eros daitezke aurrez, 10 euroan: Pottoka (Ordizia), Basakana (Beasain), Illati (Zaldibia), Gerriko (Lazkao) eta Troskaeta (Ataun). Egunean bertan 12 euro balioko du sarrerak.