‘BARRURA BEGIRATZEKO LEIHOAK’ FILMA BIHAR D’ELIKATUZEN
Jon Ugarte Zinkunegi eta Gotzone Lopez de Luzuriaga filmaren protagonistetako bik haien bizipenak kontatuko dituzte
Ordizian antolatutako presoen aldeko II. hamabostaldiaren baitan 'Barrura begiratzeko leihoak' filmaren emanaldia izango da bihar ostirala, hilak 17, D'elikatuz zentroan, 19:00etan. Hasiera batean, joan den asterako zegoen prestatua ekitaldia, baina EPPKren bitartekarien aurka izan zen polizia operazioa dela eta aste honetara atzeratu dute.
Gainera, filmean agertzen diren bi protagonista, Jon Ugarte Zinkunegi eta Gotzone Lopez de Luzuriaga, bertan izango dira, eta bildutakoen galderak erantzungo dituzte. Ugarte preso ohi moduan azaltzen da filman, eta Lopez de Luzuriaga oraintxe gutxi atera zen kartzelatik, Estrasburgoko auzitegiak 'Parot doktrina' bertan behera uzteko eskatu ondoren.
Presoen gaiari beste begiratu bat
Gaur egun 500dik gora euskal preso daude kartzeletan gatazka politikoarekin lotutako arrazoiengatik. Film horrek, ordea, beste modu batean heltzen dio gaiari, Eneko Olasagasti, Mireia Gabilondo, Enara Goikoetxea, Txaber Larreategi eta Josu Martinez zuzendariek azaltzen dutenez: "Guretzako, presoak ideal baten alde borrokatu diren pertsona normalak dira, gu bezalakoak"
Film luzeen erronkari behar den moduan erantzuteko Zinez ekoiztetxea sortu zen, eta hura arduratu zen filmaren ekoizpenaz, promozioaz eta zabalpenaz. 2012an estreinatu zen eta ordutik Euskal Herrian herriz herri ari dira emanaldiak egiten. Preso eta iheslarien eskubideen aldeko Ordiziako taldeak antolatu du biharko saioa.
Filmaren trailerra ikusteko: http://www.youtube.com/watch?v=L4C8wL5cA1U