ORDIZIAKO MEMORIA HISTORIKOA BERRESKURATZEN
Ekimen herritar bat II. Errepublika, 36ko gerra eta gerraondoreneko dokumentuak biltzen ari da
36ko gerraren eta frankismoak lehen urteen inguruko ikerketarik ez da egin Ordizian orain arte. Hori dela eta, ordiziar talde bat orduko informazioa biltzen ari da hainbat artxibotan eta lekukoen testigantza zuzenak jasotzen. Lan hori Ordiziako Udalarekin eta Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera ari dira egiten azken urte honetan.
Lanaren helburua bikoitza da. Bata, Ordiziaren memoria historikoa berreskuratzea. Eta bigarrena, orduko biktima eta errepresaliatuen egia, justizia eta erreparazio eskubidearen bidean laguntzea. Taldeak honako helburu hauek ditu finkatuta: lehenik, jasotako informazio, material eta testigantzekin dokumental eta liburu bat editatzea; eta bigarrenik, errekonozimendu ekitaldi publiko eta instituzional bat antolatzea.
Dokumentuak Barrenara eramateko deia
Taldeak oso aurreratuta ditu hainbat lan, baina oraindik ez du nahi adina material grafikorik lortu. Hurrengo egunetan dokumentalaren edizioarekin hasteko asmoa du, eta hori dela eta, dei bat egiten diete 1931-1940 inguruko argazki, agiri, arrazionamendu kartilla, kartilla militar... duten herritar orori, material hori uzteko kopia bat atera ahal izateko.
Herritarrek otsailaren 9tik 28ra Barrena Kultur Etxera eraman ahal izango dituzte beren argazki edo agiriak (09:00-13:00 eta 16:30-20:00). Bertan bere izen deiturak eta telefonoa ere utz ditzake taldekoak berarekin harremanetan jartzea nahiago izanez gero. Posta elektronikoz ere bidal daitezke argazki eta agiriak: Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.