AHOZ-AHO 2014 PROGRAMAZIOAREN BARRUAN II. IPUINEN AHOZKO NARRAZIO LEHIAKETA
Ostirala honetan, 22:00etan, proposamen bikoitza Barrenan: Narrazio Lehiaketa eta Iban Nikolai musikaria
(...sar dadila Kalabazan!)
Oharra: Ahoz Aho 2014 programazioa martxoaren 15etik 21era garatuko da Ordizian; programazio horren barruan II. Ipuinen Ahozko Narrazio lehiaketa antolatu da eta sailkapena ostirala honetan ospatuko da. Horren berri segidan ematen dizuegu.
Hemen da AHOZ-AHO 2014, Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdia.
Urtero garai honetan gertatu ohi den moduan, izarrak lerrokatu egin dira, sorginkeriaz bezala, eta galaxia berri bat eratu dute: Kalabaza forma duen konstelazio bat. Berriro ere, gure leizeetako suaren inguruan bilduko gara, istorioak, ipuinak, kondairak eta kantuak partekatzeko. Berriro ere, antzina-antzinako garaietatik oroimenaren hormetan dauden mezu ezkutuak erreskatatuko ditugu. Berriro ere, pigmentuak, testurak eta koloreak bilatu eta etorkizuna margotzeko narrazio berriak sortuko ditugu... Berriro ere beteko dugu gure Kalabaza, hitzez, energiaz, magiaz eta biziaz... Horrela izan baita denboraren hasiera-hasieratik...
Ahozkotasunaren Unibertsotik datozen Izar horiek martxoaren 15etik 21era bitartean bisitatuko gaituzte, Kalabaza forma duen konstelazio magikoa pizteko.
Joan den urtean bezalaxe gure kalabazak distira osoz argitu dezan, aurtengo hitzorduak ekitaldi berezia dauka:
"KONTATU GUREKIN!"
II. IPUINEN AHOZKO NARRAZIO LEHIAKETA
Istorio bat, ipuin bat... kontatu nahi diguten pertsona guztiei irekitako lehiaketa zabaldu da eta bertan 6 artista eman dute izena parte hartzeko, Ordizia, Ataun, Tolosa, Deba, Gasteiz eta Orio-tik etorriko direnak.
Lehiaketa ostirala honetan, otsailaren 28an izango da, gaueko 22:00etan, BARRENA KULTUR ETXEAN
Parte hartzaile bakoitzaren narrazioak zortzi minutu iraungo du gehienez. Epaimahaiaren erabakiaren eta Publikoaren botoaren bidez, hiru narratzaile hautatuko dira Ahozkotasunaren Gala Handian parte hartzeko, BARRENA JAUREGIAN, martxoaren 21ean ospatuko dena. Galan, hiru sailkatuek beren istorioak kontatuko dituzte berriro, Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdia aurten osatuko duten gainerako izarrekin batera. Epaimahaiak eta Publikoaren botoak sailkapena erabakiko dute, eta 300 euroko saria emango zaio irabazleari, 200 eurokoa bigarrenari, eta 100 eurokoa hirugarrenari.
Lehiaketarekin batera aurten musika proposamen berezia entzuteko aukera izango dugu: Iban Nikolai musikaria eta bere instrumentu berezia, didgeridoo. Urte asko daramatza oiartzuarrak jatorriz australiarra den haizezko instrumentu hori jotzen. Europako hamabost maisurekin eta Arnhem Land-eko (Australia) aborijenekin ikasi zuen jotzen, eta bost disko argitaratu ditu. Londresera egindako bidaia batean ezagutu zuen didgeridooa Iban Nikolaik eta autodidakta gisa ikasten hasi zen. Ondoren klase eta tailerretan parte hartu du Australian eta Europa zehar. Egun, didgeridoaren erabilera irakatsi eta kontzertuak eskaintzen ari da, hauetan Nikolaik didgeridooaren soinua musika estilo desberdinekin bateratzen du, hala nola, folk, rock edo teknoa, estilo pertsonala eta bereizgarria sortuz. Baina zer da didgeridooa? Munduko haizezko instrumenturik zaharrenetakoa da eta Australiako aborigenen kulturatik dator. Izen desberdinak ditu, yidaki edo yurlunggur, esate baterako.
Hitzordua ostiral honetan, gaueko 22:00etan barrena Kultur Etxean, proposamen bikotzairekin: narrazio lehiaketa eta Iban Nikolairen musika.