ALBERTO SAN JUAN AKTOREAK AMAIERA EMANGO DIO ANTZERKI GARAIA PROGRAMARI ORDIZIAN
"Autorretrato de un joven capitalista español" antzerki lana aurkeztuko du ostirala honetan Ordiziako Herri Antzokian, 22:15etan.
Ostiral honetan, hilaren 28an, amaiera emango zaio Ordizian, Beasain eta Ordizia Udaleko Kultura Sailek antolatutako "Antzerki Garaia" egitarauari. Antzerki egitarau hau Euskadiko Antzoki Sarearen barnean kokatzen da eta Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako Kultura sailek laguntzen dute.
Aurtengo programazioari agurra emateko Ordizian, Alberto San Juan aktoreak "Autorretrato de un joven capitalista español" bakarrizketa taularatuko du.
Alberto San Juanek ikuspuntu umoretsua du gaur egun bizi dugun egoeraz eta gure historiaz. Horrela aurkeztu du aktore berak bere lana: "Kapitalista naiz. Elikagaiekin espekulatzen duen banketxe batean kontua daukat. Mediku aseguru pribatua ere badaukat. Ahalik eta etekinik handiena lortzeko helburuarekin bere bezeroei lapurtzen dien enpresa bati kontratatu diot argia. Lanean ahal dudan soldatarik altuena nahi izaten dut eta ez didate inolako ardurarik ematen lankideen soldatek edo lan baldintzek. Lagun bati ekonomikoki lagundu diezaioket baina inola ere ez nire bizi maila jaistearen trukean. Nire ospea, nire merkatal kotizazioa, nire ondarea, babestu nahi ditut. Bizi naizen gizarte hau bidegabea da krudeltasunera arte. Bai, aldatu beharko genuke hori, baina ez nago prest pilatzea Portu dudan guztia galtzera. Eta egitan ari naiz."
Aktore madrildarrak, garraztasun ukituaz, lehengo pertsonan hitz egiten du bere buruaz eta bizi dugun egoeraz. Komikotasunez jantzitako bakarrizketan bere bizitzaz, eguneroko jardunaz eta estatuan bizi denaz arituko da: banketxeak, gaizki ulertutako elkartasuna, laguntasuna edota lan munduari buruzko gogoetak tartea izango dute bere jarioan. Ironiaz blai, barruak hustuz eta inolako lotsarik, onartuko du kapitalista gazte bat dela, badakiela banketxeak ahulenak itotzen dituela, baina, eta hala ere, bere dirua euren esku uzten jarraitzen duela.
Animalario konpainiako sortzaile den Alberto San Juan bakarka datorkigu, gure historiaz eta egunerokoaz bere ikuspegi kritikoa umorez erakustera.
Oso proposamen berria, konprometitua eta ausarta ostirala honetan, gaueko 10:15etik aurrera Ordiziako Herri Antzokian, gaur egun antzerki panoraman hobenetarikoa den artistaren eskutik, Alberto San Juan aktorearen eskutik. Sarrerak Barrena Kultur Etxean salgai.