ORDIZIAKO EUSKAL JAIEN ETA APARTEKO AZOKAREN AURKEZPENA
Idiazabal Gaztaren 41. Lehiaketa ez ezik, ganadu, barazki eta fruta erakusketa-lehiaketak izango dira hilaren 10ean Ordizian
Gaurtik hilaren 14ra bitartean ospatuko dira Ordiziako Euskal Jaiak. Datorren asteazkenean, hilak 10, egingo da urteko azokarik nagusiena, eta Idiazabal Gaztaren 41. Lehiaketa ez ezik, ganadu, barazki eta fruta erakusketa-lehiaketak ere izango dira. Asteazkenekoa lehen sektorearen festa dela adierazi dute gaur Donostian egin den aurkezpenean.
Igor Eguren Ordiziako alkateak, Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak, Jon Peli Uriguen Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismo diputatuak, Mikel Mendarte Kutxabanken ordezkariak, Miriam Molina Idiazabal Jatorri Izendapeneko kudeatzaileak eta Ruben Trincado Mirador de Ulia jatetxeko sukaldariek hartu dute parte Gipuzkoako Foru Aldundian egin den agerraldian.
Urte osoko lanaren erakusleiho
Egurenen esanetan, Euskal Jaien balioa lehen sektoreak egiten duen lanaren aldarrikapenean datza. "Urte osoko lanaren erakusleihoa baino ez da urteko asteazkeneko azoka handienean ikusten duguna: gazta, barazkia, fruituak... Euskal Jaiak ez luke izaterik izango, gure baserritarrek, artzainek, ekoizleek egiten duten lanagatik ez balitz".
Ordiziako Euskal Jaiak ez dira asteazkenera eta gazta lehiaketara mugatzen, Eguren gogoratu duenez. "Bestelako kultur, kirol eta gastronomia ekitaldi gehiago daude. Benito Lertxundiren kontzertuarekin hasiko gara gaur, kuadrillen arteko herriko kirolak bihar... Hamar egunez askotariko ekitaldiak izango ditugu Ordizian". Asteazken handian Ordiziara inguratzeko zerbitzu publikoa erabiltzeko deia egin du.
Elkarlana, gakoa
Asteazkeneko azoka aurrera ateratzeko elkarlana ezinbestekoa dela adierazi du Ordiziako alkateak: erakundeena, gazta kofradiarena, eta lehen sektorean diharduten hainbat eragilerena... Zentzu berean hitz egin dute Oroz sailburuordeak eta Uriguen diputatuak.
"Kate osoaren elkarlana dugu mahai honetan. Lehen sektoreak balio erantsia ematen dio gure herriari, eta gure produktuak kontsumitzeko deia egiten dugu", adierazi du Orozek. Lankidetzari apaimena egin ondoren, Uriguenek nabarmendu du "lehen sektoraren festa" dela Ordiziako azoka nagusia, "urtean zeharreko lanak erakusteko festa".
Mikel Mendartek, bere aldetik, esan du Gizarte Ekintzarako garai onenak ez badira ere, Ordiziako Euskal Jaiak eta Gazta lehiaketa laguntzeko konpromisoari eusten diotela.
Ekoizpena mantendu
Miriam Molinaren iritziz, gaztaren egun handia da datorren asteazkena, artzainen eguneroko lana balioan jartzen duelako. Idiazabal Jatorri Izendapeneko kudeatzaileak nabarmendu gazta ekoizpenari eutsi egingo zaiola 2014an. "Oraindik aurreikuspena da, baina 1.110.000 tona ekoiztea espero dugu". Idiazabal Gaztaren %80 Euskal Herrian merkaturatzen da, %15 Espainian eta gainontzekoa Alemania, Erresuma Batuan, AEBtan, Japonian... Datuak gutxi gora beherakoak direla argitu du Molinak.