2014-09-11 ezgaraLarunbatean 'Ez gara Palestinaz ari' bertso-ikuskizuna izango da, eta igandean Lazkao Txiki 23. Bertsopaper lehiaketaren sari-ematea

Igandean bukatuko dira 2014ko Euskal Jaiak, eta ohi bezala, bertsoek emango diote amaiera. Larunbatean, hilak 13, Ander Lizarralde eta Unai Muñoak sortutako 'Ez gara Palestinaz ari' bertso-ikuskizuna izango da D'elikatuzen, 22:00etan. Bertsoa, musika, antzerkia eta poesia uztartzen dituen ikuskaria da. Igande eguerdian, berriz, Lazkao Txiki 23. Bertsopaper Lehiaketaren sariak banatuko dira Barrenan. Bi ekitaldi hauek Argi Berri elkarteak antolatu ditu.

'Ez gara Palestinaz ari' bertso-ikuskizuna (larunbata, hilak 13, D'elikatuzen, 22:00etan)

Ander Lizarralde eta Unai Muñoa bertsolariek, Imanol Kamio eta Aitor Atxegaren laguntzaz sortutako bertso-ikuskizuna da. Bertsoa, musika, antzerkia eta poesia uztartzen dituen ikuskari honek 75 minutuko iraupena, eta kritika oso onak jaso ditu orain arte egin dituzten saioetan.

Hauxe da sortzaileek emanaldiari buruz egiten duten deskribapena: "Ekarpen bat egin nahi diogu plazari bertsoak, Pianoak, akordeoiak eta gitarrak lagunduta. Gu bezala sentitu daitekeenaren ispilu izan nahi dugu. Hain ohituak gauden isildutako egiak aitortzeko ahalegina egitera gatoz, gezurrik gabe. Abilak gara munduaren gaineko irakurketa politiko eta sozialak egiten, bai eta bizilagunak epaitzen ere, baina,erreparatzen al diogu geure barne munduari? Partekatzen al ditugu gure benetako izuak, konplexuak, minak, desioak...?

Lazkao Txiki 23. Bertsopaper Lehiaketaren sari ematea (igandea, hilak 14, Barrenan, 12:00etan)

Lazkao Txiki 23. Bertsopaper lehiaketaren irabazleak hauek dira, mailaz maila:

GAZTETXOETAN (13 urte artekoak): 12 lan guztira

1. -Zaldibiako MAIDE GARMENDIA
2.- Zarauzko ANER PEREZ
3.- Beasaingo MADDI AIESTARAN

*Oharra: maila honetan gaia denentzat berbera izan da: "Gaur egungo teknologia berriak".

GAZTEETAN (14-18 urte bitartekoak): 13 lan guztira

1.- Azkaingo AITOR SERVIER-ETCHECHURI "Erran eta egin" lanagatik
2.- Zarauzko JONE MAKAZAGA "Txutxu-mutxuka" lanagatik
3.- Legazpiko ANE BELOKI "Nerabezaroa" lanagatik

HELDUETAN (18 urtetik gorakoak): 29 lan guztira

1.- Oiartzungo JON MARTIN "Niri buru hari" lanagatik
2.- Villabonako AMAIA AGIRRE "Zahartzaroak umilduta" lanagatik
3.- Zarauzko NIKOLAS ZENDOIA "Amona Piririren erleak" lanagatik

*Oharra: azken bi mailok gaia librea zuten.

Sarituek, sariak jaso ahala euren bertsoak kantatuko dituzte. Sariak banatze-lanak Ordiziako Udaleko alkateak, Igor Eguren, Argi Berri Elkarteko presidenteak, Joxe Antonio Mujika, eta Joxe Miel Iztueta "Lazkao Txiki" zenaren ilobek, Martina eta Mari Jose, egingo dituzte. Era berean, aipatu, ohiko diru-sariez gain (200, 100 eta 50na euro gaztetxoek, 300, 200 eta 100na euro gazteek eta 500, 400 eta 300na euro helduek) "Txikia" oroigarri bana ere jasoko dutela maila bakoitzean irabazle suertatu direnek.