BARROKO AIRE XXIX. EDIZIOA IGANDE HONETAN ZABALDUKO DA
Donostiako Barroko Taldeak zabalduko du zikloa Parrokian, igandean, arratsaldeko 18:30ean.
Aste bukaera honetan, igandean hain zuzen, hasiko da Ordizian BARROKO AIRE, Musika Barrokoaren egunak jaialdiaren XXIX.ekitaldia. Eta jaialdi horrek Ordizian segituko du hilabete honetako igandeetan, herriko Parrokian lau kontzertu egingo dira, Ordiziako udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta. Ataungo San Martin Elizan ere izango da ziklo honen kontzertu bat.
Zikloari hasiera emateko igande honetan, Ordiziako Eliz Parrokian, arratsaldeko 6:30ean, Donostiako talde barrokoak kontzertu interesgarria eskainiko du. Hilaren 16an jarraituko du programazioak Euskadi Brass metal taldearekin. Azaroaren 23an Ainhoa Garmendia sopranoa arituko da Opus Lirica hirukotearekin. Eta programazioari amaiera emateko azaroaren 30ean Lux in Tenebris taldearen txanda izango da Ordiziako parrokian.
Eta igande honetan, arratsaldeko 6:30ean hitzordua Donostiako Barroko Taldearekin. 1974. urtean sortu zen eta bere helburua musika klasikoa, eta bereziki, Barroko garaikoa ezagutzera ematea da. Etenik gabeko hogeita hamar urteko ibilbidean musikari asko pasa da talde horren atriletatik. Horiei guztiei esker eta erakutsi duten eskuzabaltasunagatik, talde hori erreferentziazko talde instrumentala da Donostian. Asko izan dira Barroko taldea gidatu duten zuzendariak: Tomas Aragüés, Ana Mª Sebastián, Loreto Fernández Imaz, Jose
Antonio Saínz, Jose Antonio Pascual, Gotzon Arrizabalaga. Gaur egun zuzendaria Sergio Zapirain da, Errenteria kontserbatorioko biolontxelo irakaslea eta Karnaba Zortzikoteko zuzendaria ere.
Talde horrek parte hartu du Donostiako Musika Hamabostaldian, Bach Musikaldian, Zumarragako Antiguako Musika Jaialdian, Najerako Musika Jaialdietan, Ordiziako Musikaldian, Azkoitiko Udaberriko Musika Zikloan, eta interpretazio ugari eskaini ditu erakunde eta elkarte desberdinek gonbidatuta. Azken urteetan Gabonetako emanaldietan, eta Gipuzkoako Abesbatza Federazioak antolaturik, Beasaingo Loinaz Abesbatzaren laguntzarekin, J. S. Bach-en Gabonetako Oratorioa, Magnificat, A. Vivaldiren Gloria eta Haendelen Mesias obrak eskaini ditu.
Egun, sorreraren 40. urteurrena ospatzen ari da, eta aurreikusita ditu hainbat kontzertu Errenteriako Karnaba Zortzikotearekin eta Donostiako Txistularien Bandarekin.
Aurkeztuko duten programan, besteak beste, Bocherini, Haendel (Watermusic) eta Vivaldiren Lau urtaroko “Uda” eta “Negua” lanak entzuteko aukera izango dugu eta seguro kontzertuaz gozatu ahal izango dugu,
Musika barrokoarekin disfrutatzeko aukera erakargarria, igande honetan, hilaren 9an, Ordiziako Parrokian, arratsaldeko 6:30ean.
ZIKLO OSOKO PROGRAMAZIOA IKUSI NAHI BADUZU SAKATU HEMEN