ARABAR ERRIOXAKO ARDOEN 20. AZOKA OSTIRAL ETA LARUNBATEAN
Larunbat eguerdian 27. 'Ordizia Txapeldun' gazta lehiaketa jokatuko da
Datorren ostiral eta larunbatean, hilak 14 eta 15, Arabar Errioxako ardoen 20. azoka ospatuko da Ordiziako Plaza Nagusian. Ardoa ez ezik, hainbat herrialdetako gazta dastatu eta erosteko aukera ere izango da, eta plazaren inguruan artisauak ere izango dira. Azokak honako ordutegia izango du: ostiralean 18:30-21:30 eta larunbatean 11:30-14:30 eta 18:30-21:30. Azokaren osagarri, 'Ordizia Txapeldun' gazta lehiaketa jokatuko da larunbatean, 12:30ean hasita.
Denera 15 upategitako ardoak dastatzeko aukera izango da, horietatik 10 Arabar Errioxakoak; gainontzeko laurak upategi gonbidatuak izango dira. Honakoak dira Arabar Errioxako 10 upategiak: Medrano Irazu, Lar de Paula eta Viña Laguardia (El Villar herrikoak), Bodegas Uribe, Laukote eta González Bocos (Laguardiakoak), Señorio de la Viñas eta Castillo de Laserna-Hermanos Fernández (Laserna), Miguel Angel Muro (La Puebla) eta Heredad Bello Berganzo (Samaniego). Gonbidatuen artean, Tomas eta Leire Bosque aita-alaba ordiziarrek sortutako "El catador de venenos" kluba dago.
Dastagai egongo diren gazten artean, Idiazabal Gazta ez ezik, Erronkari, Kantabria, Asturias eta Zamorako gaztak izango dira. Horiekin batera, olio, kontserba eta hestebeteak ere egongo dira bisitarien eskura. Ordiziako Siglo XX Harategiak aurrez prestatutako jakiak izango ditu salgai.
Azoka hau antolatuta hiru helburu lortu nahi ditu Ordiziako Udaleko Jai eta Azoka delegazioak: kalitatezko ardoak aurkeztea eta ezagutaraztea; upategiei haien ekoizpena ezagutarazten laguntzea; eta kontsumitzaileek kalitatezko produktuak estimatzea. Ekimen hau Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordetzak diruz lagundu du.
Txapeldunen txapelduna
Azokaren osagarri, 27. 'Ordizia Txapeldun' gazta lehiaketa ere jokatuko da larunbat eguerdian, 12:30ean hasita. Bertan, Euskal Jaietako Ardi Latxaren esnearekin egindako gazta lehiaketaren azken hamar urteetako (2005etik 2014ra) irabazleak lehiatuko dira haien artean. Ekitaldia Ordiziako Idiazabal Gaztaren kofradiak eta Udalak antolatzen dute, Idiazabal Jatorri Izendapenaren laguntzaz.
Honako gaztagileak arituko dira lehian larunbatean: 2005, 2007 eta 2009ko irabazle Jesus Ansola Juaristi (Mausitxa baserria-Elgoibar); 2006 eta 2010eko irabazle J. Aranburu Elkartea (Idiazabal); 2008, 2011 eta 2013ko irabazle Ricardo Remiro Aguirre (Eulate), 2012ko irabazle Jon Etxebarria (Zeanuri), eta azkenik aurtengo irabazlea, Ondarreko Karmele Murua (Segura).
Hiru gazta hoberenak diru-saria jasoko dute: 300 euro irabazleak, 200 bigarrenak eta 100 hirugarrenak. Hamarretik zazpiko puntuazioa gainditzen badute, urrezko, zilarrezko eta brontzezko dominak eskuratzeko aukera izango dute. Lehenengoak, Urrezko Gazta irabaziko luke zortzi puntu baino gehiago lortuz gero.
Epaimahaia honako zortzi lagunek osatuko dute: Mikel Zeberio gastronomoa, Iker Markinez sukaldaria (Kuko jatetxea), Jesus Salmeron (Idiazabal Jatorri Izendapena), Tristan Montenegro sukaldaria (Café de la Concha), Maider Gaztañaga ordiziar kirolaria, Iñigo Lavado sukaldaria (Iñigo Lavado jatetxea), Marta Albisu (Idiazabal Jatorri Izendapena) eta Felix Ibargutxi (Kazetaria).