OPUS LIRIKA HIRUKOTEA, AINHOA GARMENDIAREKIN IGANDE HONETAN PARROKIAN
Ainhoa Garmendia(sopranoa), Arkaitz Mendoza (organoa) eta Erlantz Fernandez (tronpeta) Barroko Aire-ren hirugarren kontzertuaren protagonistak
Aurrera jarraitzen du Ordizian musika barrokoari eskainitako zikloak. Igande honetan izango da Barroko Aire egitarauaren hirugarren kontzertua, herriko parrokia elizan, arratsaldeko 6:30etatik aurrera. Bertan, proposamen interesgarria, Opus Lirica hirukote osatzen duten Ainhoa Garmendiak, soprano, Arkaitz Mendozak, organo, eta Erlantz Fernandezek, trompeta, aurkeztuko dutena.
Kontzertuan eskainiko dituzten lanen artean azpimarra daiteke segidakoak: Cacciniren “Ave Maria”, Haendelen “Eterneal source of Light Divine”, Glucken “O del mio dolce ardor”, Giordanoren “Caro mio ben”; Marcelloren “Re minorreko kontzertua” edota J. S. Bachen “Re minorreko tokata eta fuga·”.
Ainhoa Garmendia Legorretan jaio zen baina nerabezaroa Ordizian igaro zuen. Akordeoi, kantu eta pianoko ikasketak egin zituen Ordizian, Donostiako Orfeoiko Kantu Eskolan sartu aurretik. Ondoren, Madrilera joan zen eta geroago, Vienara. Espainiako eta nazioarteko hainbat lehiaketetan saritua izan zelarik, Marseillako Artista Lirikoen Zentro Nazionalean (CNIPAL) onartu zuten, Opera Estudioko kide bezala. 2001. urtetik 2009. urtera bitartean, Leipzigeko Operan kontratatu zuten bakarlari moduan; aldi berean, kanta emanaldiak egin zituen Marseillako Operan, Berlingo Deutsche Operan, Irungo Amaia Antzokian eta Donostiako Musika Hamabostaldian.
2006. urtean, Glyndebourneko Jaialdian estreinatu zen Così fan tutten (Despina), eta baita Londresko Prom kontzertuetan ere. Urte berean, debuta egin zuen Bartzelonako Lizeo Antzokian, Madrilgo Errege Antzokian eta Donostiako Musika Hamabostaldian (Micaela). Bere karreran zehar ospe handiko zuzendariekin abestu du, besteak beste: Jesus Lopez Cobos, Mauricio Benini, Christophe Rousset, Ottavio Dantone, Ros Marbá, Julia Jones, Ivan Fischer, Giuliano Carella, Frank Beerman, Fisher Fish, Pablo Gonzalez, Miguel Angel Gomez Martinez, Víctor Pablo Perez, Antonello Allemandi eta Enrique Mazolla.
“Ahots errebelazioa” izendatu zuten Espainiako musika kritikariek Oviedoko Campoamor Antzokian. 2012. eta 2013. urteen bitartean, Kolonbiako operan abestu zuen lehen aldiz (Le Nozze di Figaro); eta Hego Korean, Daeguko Nazioarteko Opera Festibalean, Fiordiligi (Così fan tutte-Mozart) eta Violetta interpretatu zituen. 2013. eta 2014. urteen bitartean, Espainian eta Frantzian barrena egindako bira batean arrakasta handia lortu zuen. 2014an, Adina interpretatu du (L’elisir d’amore), Opus Lirica konpainiaren lehen ekoizpenean, Donostiako Kursaalean.
Arkaitz Mendoza1983. urtean jaio zen eta Donostiako goi mailako kontserbatorioan piano eta organo ikasketak egin zituen. Pianoko masterclassak jaso ditu Boris Bloch, Russell Sherman, Paul Badura Skoda eta Alicia de Larrocha-ren eskutik, baita Daniel Roth organo-jotzailearen eskutik ere. “Donostia hiria”, Valentziako “Ciutat de Carlet” eta “Ciutat de Xativa”, Pariseko “Luciem Wurmser”, Linareseko “Marisa Montiel”, Bilboko “Nuevas Estrellas” Bartzelonako “Eugenia Verdel”, Soriako “Gerardo Diego” eta Leongo “Veguellina de Orbigo” lehiaketetan piano sariak lortu ditu. Hiri ezberdinetan eman ditu piano errezitalak. Organo kontzertuak eman ditu Azkoitiako Cavaille-Coll organuaren Mendeurrenean eta “Aita Donostia” Musika Astearen edizio ugaritan.
Erlantz Fernandezek Donostiako Kontserbatorioan hasi zituen tronpeta ikasketak. Gero Madrilera joan zen eta Musikako Goi Errege-Kontserbatorioan amaitu zituen ikasketak. 2002-2005 urte bitartean, Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako beka bati esker, Amsterdameko Goi-mailako Kontserbatorioan hobetu zituen ezagutzak. Willen van der Vliet, Peteer Maseru eta Frits Damrow (Amsterdameko Concertgebouw orkestrako solistak) izan zituen irakasle bertan. Euskadiko Gazte Orkestraren sortzailea izan zen eta bost urtez hartu zuen parte. Euskadiko Orkestra Sinfonikoko eta Bilboko Orkestra Sinfonikoko kolaboratzaile ohikoa da oposizioz. Estatuko orkestra garrantzitsuetan ere parte-hartu izan du. Era berean, “Euskadi Brass” metal taldeko eta “Emsemble Insomnio” musika garaikidean espezializatutako taldeko partaide da.
Txileko Santiago hiriburuko Orkestra Filarmonikoan Trompeta Tutti postua irabazi zuen 2008. urtean oposizioz eta 2010. urtera arte aritu zen. Duela gutxi, Donostiako “Francisco Escudero“ Kontserbatorio Profesionalean irakasle postua eskuratu du oposizioz. Errezital ugari eman ditu Euskal Herrian, Donostiako Musika Hamabostaldian Interprete Gazteen Zikloan eskainitakoa barne.
Musika bereziki erakargarria programa gozatzeko eta, batez ere, probetxu ateratzeko, datorren igandean, azaroak 23, Ordiziako Parrokian.