TITZINA TEATRE TALDEAK ZABALDUKO DU ANTZERKI GARAIA PROGRAMAZIOA HERRI ANTZOKIAN
Ostiralean DISTANCIA SIETE MINUTOS lan arrakastatsua aurkeztuko du
Titzina teatre Katalunyako konpainiak zabalduko du Ordizian “Antzerki garaia” programazioaren hoigeitabatgarren edizioa, “Distancia siete minutos” ikuskizunarekin, ostirala honetan, hilaren 16an, gaueko 22:15ean. “Antzerki garaia" egitaraua Beasain eta Ordiziako Udaletako Kultura Sailek bultzatu eta antolatu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskadiko Antzerti sarearen lankidetzekin.
TITZINAren “DISTANCIA SIETE MINUTOS” lana, gaur egun espainiar antzerki panoraman dagoen proposamen interesgarrienetako bat da. Lana bere lehenengo urtean 100 funtziotik gora egin zituen, antzerkien Espainiar Sareak gomendatua izan da, eta oso arrakastatsua gertatu da Donostiako eta Tarregako 2014ko Azoketan.
Titzina Teatro 2001ean sortu zuten Diego Lorca eta Pako Merinok Cerdanyola del Vallés-en (Bartzelona) eta geroztik sormenez eginiko antzerki baten alde egiten dute lan, metodo luzeekin, artisau-lana eginez, eguneroko bizitzari begiratuz, Bartzelonako Modelo espetxeko antzerki aretoan laguntzen, zoriontasunaren Kongresutan parte hartuz, epaiketa zibil eta zigor epaiketetara bertaratuaz,... hori guztia publikoaren aurrean benetako eszenaratze eta interpretazio sinesgarriak lortzeko. Titzina, sortu zenetik hona talde moduan sendotu eta berezko egiteko formak garatu ditu, askok eta askok "Titzina zigilua" bezala laburbiltzen dutena.
Epaiketen munduari aurre egiten dio Titzinakoen laugarren ikuskizun honek, aurrekoetan ere ezaugarri izan dituen zorroztasunaz eta sinesgarritasunaz.
Curiosity robot espaziala bidaltze eta lurreratzearekin batera, Félix, epaile gazte bat, etxetik alde egin beharrean gertatzen da termita-plaga bat dela-eta, eta egun batzuetarako aita-amen etxe izandakora doa. Epaileak bere lanbidean ezagutzen duen inguruneak eta aitarekin bizitzeak funtsezko gaiak agerraraziko dituzte: justizia, zoriona, patua.
Antzerkiarekin hitzordua ostirala honetan, gaueko 22:15ean, Ordiziako Herri Antzokian. Sarrerak aldez aurretik Barrena Kultur Etxean salgai.