JUAN GABRIEL VICH PINTOREAK BERE LANAK AURKEZTEN DITU BARRENA KULTUR ETXEAN
Donostiako artistaren lanak otsailaren 6ra arte ikus daitezke Barrenan
Urtarrilaren 19tik otsailaren 6ra Barrena Kultur Etxeko Erakusketa Aretoan Juan Gabriel Vich artistaren pinturak izango dira ikusgai “los donantes caprichosos”” izeneko erakusketan. Erakusketa ohiko ordutegia izango du: Astelehenetik larunbatera, arratsaldeko 6etatik 8etara (Igandetan eta jaiegunetan itxita). Inaugurazioa ostiral honetan egingo da, arratsaldeko 19:00etan.
Maria Jose Aranzastik segidako aurkezpena egin du erakusketarako argitaratu den katalogoan: Juan Gabriel Vichen pintura-multzo berrian, los donantes caprichosos obrak bi mesede aitortu dizkio egileari, bistan denez: kolorea erabiltzeko aukeran eta begien bistakoa den figurazioan murgiltzen utzi dio; begiak halakotzat antzeman eta identifikatzen dituen hainbat objekturen presentziarekin eta irudi latenterekin, gure ikusle begi zailduak berrosatzen eta, obraren batean, paisaia baten soslaia egokitzen duena. Paisaiaren asmo hori adarretan nahiz berde kolorean ageri da, kanpoaldearen ideia emanez, naturaren beraren hondo bat balitz bezala.
Vichek ondo pausaturik ginduzkan zuriaren eta beltzaren arteko konbinazio perfektuan, zolitasun guztiak horretan jasota. Alabaina, erakusketa honetako lanak berdearekin, horiarekin, urdinarekin, gorriarekin menturatzen dira, aurreko multzoetan erabili ez dituen koloreak, ez zituen-eta behar. Ongi etorri los donantes caprichosos!
Areago, bere estilo propioaren aldeko asmo argia erakusten du, baina, hertsatuz, aurrerago joanez. Horretarako, artistak erritmo eta fase batzuk sortzen ditu, papiers collés maisuki birmoldatuz. Horretarako, behin eta berriro ekiten dio puzzle bat osatzeari, elementu batzuk eta besteak uztartuz. Alabaina, hori erdiesteko, bere buruari berez-berez jarduten utzi dio. Konposatu egiten du, formak sortzen ditu, eta gero moztu egiten ditu, desegituratu egiten ditu, eta, ondoren, berriro elkartzen ditu, birmoldatu egiten ditu collage teknika baliatuta; teknika ia hautemanezina, hain baita doia mozketa eta ahokatzea. Hasiera batean bitxia, azkenean doitasun handiz ahokatzen da; formak eta elementuak elkarri lotzen zaizkio, maisuki. Artistak jomugan du akabera saiatua eta perfektua.
Mihise gaineko margolanetan kontraste handiko lanen bat edo beste topatzen dugu. Oso gogokoak ditu laborategiko tresneria eta elementu organikoak. Jariakinak, arteriak, pipetak, basoak... Besteetan zuria da nagusi, baporetsua, lausoa eta esne-itxurakoa; beltza du, ordea, kontrapuntu zelataria. Beti dago kontrapunturik Juan Gabriel Vichen lanetan. Zuri batzuk oso definiturik daude, oretsuak dira, indar handikoak, eta, batzuetan, dirdiratu ere egiten dute.
Haren pinturak behatu ahala, berrikuntzak antzematen ditu, arian-arian: forma inguratzaileak, bihurriak, kurbak amaigabean, beti kurba eztiak, beti uhindunak. Euskarriekin esperimentatzen, trebetasun tekniko handia lortu du, haren metakrilatoetan hirudimentsiokotasun agerikoa bilatuz, argazkiak gainjarriz, hondo gisa marrazki-puskak jarriz, eta erraz labaintzen den pintzelkada deslaiak dituen pintura baliatuz; horrek guztiak izaera berezia ematen dio lanari.
Artistak ustekabean harrapatu gaitu artxibo gisa egituratzen den hainbat objektu baliatuta: hori erabiliko dugu Vichek darabilen ingurunea mugatzeko pistak/erreferentziak topatzeko.
Juanen lan guztiak oso argitsuak dira, mugagabeko sentsibilitatea eta lirikotasun handia dutenak. Benetako ikus-poesiak dira, gose garen ikusleok mana balitz bezala behar ditugunak. Arte horren premia dugu, Juan Gabriel Vinchek dakarkigun horrena; zalantzarik gabe, bizitza aberasten digulako, eta gure sentsibilitate partikularra, gutako bakoitzarena elikatzen jarraitzeko ezinbestekoa zaigulako.
Erakusketa katalogoa ikusi nahi baduzu SAKATU HEMEN