2015-02-23 ahozahoMartxoaren 7tik 20ra bitartean hainbat herrialdetako kontalariak bilduko dira Ordizian

Ahoz Aho Ahozkotasunaren Nazioarteko VII. Jaialdia martxoaren 7tik 20ra bitartean egingo da aurten. Egitarauari ipuinen ahozko narrazioak emango dio hasiera martxoaren 7an, eta Gala Nagusiarekin bukatuko da 20an. Tartean ia kontinente guztietako 20 kontalari inguru elkartuko dira. Hala ere, jaialdia abiatu abiatu da, Jakintza Ikastolako eta Urdaneta ikastetxeko ikasleak ahozkotasun eskolak hartzen ari baitira joan den astetik.

AHOZ AHO 2015. EGITARAUA

Donostiako KM kulturunean aurkeztu zen joan den ostiralean, hilak 20, Ahoz Ahoz 2015 ahozkotasunaren jaialdia. Intujai Taldeko May Gorostiaga eta Beatriz Larrañaga, Ordiziko kultur zinegotzia Belen Maiza, Tolosako alkate-ordea Lore Agirre, Gipuzkoako Aldundiko Garazi Lopez de Etxezarreta Kultur Zuzendaria, Hiromi Yoshida "Rakugo" itzultzailea eta Joxemari Carrere kontalaria, izan dira Tolosan eta Ordizian, otsailaren 27tik martxoaren 21era egingo den aurtengo edizioa aurkezten. Tolosan zortzigarren urtez eta Ordizian zazpigarrenez antolatu da herri gipuzkoar hauetara punta-puntako kontalariak ekarri dituen jaialdia, bai euskaldunak zein beste herrialdetakoak.

Berritasuna, Japoniako Rakugoa
Intujai Talde antolatzaileko kide den May Gorostiagak aurtengo egitaraua azaltzeaz gain, aurtengo aniztasuna nabarmendu du, ia kontinente guztietako kontalariak baitatoz. Kontalari gehienak Euskal Herrikoak badira ere, Kolonbia, Kuba, Bulgaria, Azerbaijan, Katalunia eta Japonia izango dira ordezkatuak. Ikuskari proposamen anitzak ere ikusteko aukera izango da, estilo tradizionalean kontatzen dutenetik, zirkoa, txotxongiloak eta musika erabiltzen dutenetara. Ipuin tradizionalak eta berriak, bertsoak ipuinekin tartekatuak; denetatik eta denentzat ikuskariak.

Baina antolatzaileek aurtengo berritasun gisa nabarmendu nahi izan dute Japoniar jatorria duen kontatzeko modu tradizionala: Rakugoa. Eta euskaraz gainera. Hiromi Yoshida japoniarrak ekarri du gurera rakua eta hiru euskaldunekin batera Japonian aski zabalduta dagoen kontaketa mota hau jaialdian eskainiko dute. Hiromi berak euskaraz azaldu duenez Azpeitia eta Zestoako hiru emakume gazteekin harremanetan jarriz kontaketa teknika hau ezagutarazi zien, eta ikuskari bat prestatzen ibili dira, Ahoz Aho jaialdian aurkeztuko dutena.

Ipuin emanaldiez gain, hitzaldi bat eta bi ikastaro antolatu dituzte, bata haurrentzat eta bestea helduentzat. Horrez gain, aurten hirugarren aldiz "Kontatu Gurekin" ipuinen ahozko narrazio lehiaketa antolatu dute, nahi duenak izena eman dezakeena. Eta urtero bezala, bai Ordizian zein Tolosan, jaialdi amaierako Ipuin Gala bana antolatu dituzte, non jaialdian parte hartutako kontalari guztiak egongo diren.

Ekimen interesgarria
Beren aldetik, Tolosako zein Ordiziako kultur zinegotziek azpimarratu zuten jaialdi honek duen garrantzia beren herrietako kultur eskaintzan. Alde batetik proposamen berri eta arrunt interesgarria iruditzen zaielako, eta era berean ipuin kontaketaren zabaltzea eta ezagutzearen beharragatik. Iritzi berekoa agertu zen aldundiko kultur ordezkaria, azpimarratuz halako ekitaldiak eta proposamenak laguntzeko eta indartzeko ahaleginak egiten dituztela, Gipuzkoako kultur eskaintzaren alde.

Hiromi Yoshidak euskara primeran eman zuen rakugo kontaketa modu tradizionalaren eta nola prestatu du, Urola aldeko hiru kontalariekin ikuskaria. Berak japonieratik euskarara zuzenean itzulitako ipuin batzuk eskaini zien eta teknikaren nondik norakoak azaldu. Oinarrizkoena eserita eta abaniko bat eskutan kontatzen dela azaldu zuen, eta ipuin laburrak izan ohi direla, beti barre egitekoak. Kontalari euskaldunak beren lana hartu zuten bideoak eta ikusten, teknika txukun kontrolatu arte. Jaialdian egindako lana ikus ahal izango da.

Azkenik Joxemari Carrere kontalariak, jaialdiaren garrantzia azpimarratu zuen ahozko kontalaritza ezagutarazteko eta garatzeko. Goraipatu zuen aurtengo edizioaren aniztasuna, urrutiko herrialde ezberdinetako ipuinak eta kontalariak ezagutzeko aukera paregabea delarik, bertako kontalaritzarekin batera. Galdu ezinekoa inondik inora.

Beraz aukera ederra aurten ere kontaketa ugarirekin gozatzeko Tolosan eta Ordizian, otsailaren 27tik martxoaren 21era. Euskal Herrian antolatzen den ipuin kontaketa jaialdirik garrantzitsuenetakoak ateak zabaldu ditu, hitzak hegan bidaliz.