AHOZ AHO VII. JAIALDIA. GALA NAGUSIA ETA NARRAZIO LEHIAKETAREN FINALA
Ostiralean, hilak 20, egingo da Barrenan Ahoz Aho jaialdiaren ikuskizun nagusia, 22:00etan
Duela egun batzuetatik hona, ipuin eta istorioen berotasunak bildu egin gaitu. Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdiaren edizio berri honetan, narrazioaren irakasleek ilusioaren garra piztu dute gure baitan. Jaialdiari amaiera emateko, hitzaren Akelarrea antolatuko da, hau da, Ahozkotasunaren Jaialdi Nagusia. Ordiziako Barrena Jauregia izango da gure akelarrearen kobazuloa eta hitzordua datorren ostiralean izango da, martxoak 20, 22:00etan.
Istorioek eta ipuinek sorginduko gaituzte, ez dugu edari magikoen beharrik izango. Narrazioaren aztiak gonbidatu ditugu horretarako: Azerbaijango Tarana Karim, Kolonbiako Willo Arunategi eta Genis Llopart kataluindarra eta gure azti kontalari euskaldunak: Itziar Saez, Iñaki Agirrezabal, Ibai Esoain eta Gorka Lariz ordiziarra.
Kontakizunen III. Lehiaketa
Gaueko sua Ahozko Kontakizunen III. Lehiaketako hiru finalistek piztuko dute: Ekaitz Goikoetxeak (Beasain), Pili Eskisabelek (Ataun), eta Imanol Arabaolazak (Tolosa). Jaialdia amaitzean bigarren edizioaren irabazlea zein izan den jakingo dugu.
Eta partaideen artean aipamen berezia Gorka Lariz narratzaile ordiziarrarentzat Gorka 1998an hasi zen antzerkian Urrup antzerkiarekin eta 2000. urtean Madrilera joan eta arte eszenikoetan diplomatu zen. Orain Urrup antzerkiko kidea izaten jareaitzen du , eta orain arte hamaika lan egin ditu arlo desberdinetan. 2000tik honuntza, Irrati saioak, bakarrizketak, "Tetratro" antzerkiko kidea...Telebistan berriz Goenkale saioan, eta zinean, hiru dokumental handi: "Lucio", "El secreto de Urdaneta" eta "Uda minean, negua". Beste alde batetik laburmetrai ugari eginak ditu, horietako azkena "La apuesta".
Jaialdiko magiak liluratu egingo gaitu, Ordizia berriro kulturen arteko topaleku bihurtu baita. Egun batzuetan ipuin eta istorioen gotorleku izan gara eta istorio horiek gure barnean geratuko dira, ez izan zalantzarik...
"Ahozkotasunaren festa" izango da ostiraleko ekitaldia, Aktore parte-hartzaileek erabat liluratuta utziko dituzte ikusleak, ipuinak, historiak, kontakizunak eta gertakizunak kontatuz, narrazio-estilo ezberdinak erabiliz. Mundu zabaletik etorri, eta eszenatokian egingo dute topo artista guztiek, bakoitzak eskainiko duen ikuskizunaren zatitxo bat erakusteko festa kolektibo horretan.