BERTSOLARI GAZTEEN XVIII. ARGI BERRI SARIA, LARUNBATEAN
Sei bertsolari gazte ariko dira nor baino nor, eta lehen biak Osinaldeko finalerako sailkatuko dira
Larunbatean, hilak 21, Bertsolari Gazteen XVIII. Argi Berri Saria jokatuko da izen bereko elkartean. Sei bertsolari ariko dira nor baino nor, eta epaimahaiaren arabera puntuazio handiena lortzen duten bi bertsolariak apirilaren 11n Gabiriako Osinalde elkartean jokatuko den finalera sailkatuko dira. Afarirako txartelak Herrikoa eta Kiko-Enea tabernetan daude salgai (baita 649 01 12 62 zenbakira deituta ere), baina saioa entzutera joan nahi duenak ateak zabalik izango ditu.
Hauek dira larunbatean kantari ariko diren sei bertsolariak: Gemma Urteaga (Beasain), Ortzi Murua (Azkaine), Oihana Iguaran (Villabona), Maialen Akizu (Urretxu), Jokin Bergara (Eibar) eta Unai Mendizabal (Zizurkil). Epaimahaiaren puntuazioaren arabera jakingo dira bi finalisten izenak, baina entzuleen gustuko bertsolariaren alde botoa emateko aukera izango dute.
Joan den larunbatean jokatu zen Zaldibiako Osinberde elkartean Osinalderako lehen kanporaketa. Eneritz Artetxe (Azkoitia) eta Xabi Igoa (Aramaio) sailkatu ziren finalerako. Hirugarren eta azken kanporaketa hilaren 26an jokatuko da Aztiria elkartean.