Lau emanaldi emango dira Ordizian eta beste lau Beasainen, zuzenean

 

Ordizia eta Beasaingo Udalek elkarlanean, opera eta ballet emanaldi zikloa antolatu dute. Londoneko Royal Opera-ko eszena tokitik iritsiko dira zuzen-zuzenean Usurbe eta Herri Antzokietara. Programak astearte honetan, irailaren 22an, du lehenengo hitzordua. ‘Romeo y Julieta’ obra izango da Usurbe Antzokian 20:15etan. Zortzi emanaldi izango dira guztira. Azkena, apirilaren 25ean Ordizian. Ahalik eta kalitate hoberenarekin eskaintzeko ahalegina egingo da.                                      

Shakespeare-ren lana da beraz lehenengo saiorako iragartzen dena. Segidan etorriko dira ‘Las bodas de Fígaro’(urriak 5, 19:45, Beasain); ‘The ballet gala’ (azaroak 12, 20:15, Ordizia); ‘Caballería rusticana’ (abenduak 10, 20:15, Beasain); ‘El Cascanueces’ (abenduak 16, 20:15, Ordizia); ‘Rapsodia / Deux Pigeons’ (urtarrilak 26, 20:15, en Beasain); ‘La Traviata’ (otsailak, 19:45, Ordizia) eta ‘Lucía di Lammermoor’ (apirilak 25, 20:15, Ordizia). Azpitituluak gazteleraz izango dira.

Teknologia ona dute bi aretoek obrak ahalik eta kalitate hoberenarekin ikusi, entzun eta gozatu ahal izateko. Sarrera 13 eurokoa izango da.

‘Romeo y Julieta’

William Shakespeare-ren tragedia erromantikoa, Kenneth McMillan-en koreografia bertsio famatuarekin eta Sergey Prokofiev-en partitura bikainarekin dator astearte honetan.

Nabarmentzekoak dira Veronako kaleetako kolore biziak eta aberatsak nola taulatu dituzten; ezpatazko dueluen zalaparta; edo ospakizunak. Dena dela, horiek ez die itzal egiten maitale gazteen emozio konplexuei. Bereziki, Julietaren emozioetan ikusten da eboluzio dramatikoa, lehen maitasunaren gaztetako gozamenetik heldutasunean bere destino petralaz jabetzen den arte.

Julietarena da, hain zuzen, ballet-eko pertsonaiarik gutiziatuena. Ikusleek orain 50 urte aurreneko aldiz aurkeztu zuten muntaia bera ikusteko aukera izango dute, justu McMillan-en bertsioaren 50. urteurrena betetzen den honetan.