Urriak 26, astelehena: CENTRAL WASHINGTON UNIVERSITY CHAMBER CHOIR (20:00 H.)

Urriak 29, osteguna: Norvergiako Cantus abesbatza (Parrokian – 20:00 h.)

 

Datozen egunetan, Ordiziako Eliz Parrokian eta Ordiziako Kultura sailak antolatuta, Parrokiaren eta Tolosako Ekinbide Etxearen (CIT) laguntzaz, bi abesbatzeen kontzertuak izango dira entzungai.

Berriro ere Ordizia eta Goierriko  musikazaleak kultura tradizio desberdinetako ahots-taldeak,  Estatu Batuetako eta Norvergiako ahotsak entzuteko aukera izango ditu, kalitate handiko abesbatzak hain zuzen ere.

Musika eta kultura tradizio ezberdinetako abesbatzak datozte aurten Ordiziara. Alde batetik Estatu Batuetako ahotsak Washington Central University helduen taldearekin eta bigarren kontzertuan ahots zuriak entzungo dira Ordiziako Eliz parrokian, Norvergiatik etorriko den Cantus emakumeen abesbatza, hain zuzen.

Ezbairik gabe, aurtengo edizioak musikazale askok erakarriko ditu Ordiziako Parrokira.

Kontzertuen egunak hauxek dira:

-          Urriak 26, astelehena: CENTRAL WASHINGTON UNIVERSITY CHAMBER CHOIR (Parrokian – 20:00 h)

-          Urriak 29, osteguna: Norvergiako Cantus abesbatza (Parrokian – 20:00 h.)

Aurreneko hitzordua, astelehenean Estatu Batuetako Central Washington Unibertsitateko abesbatzarekin. Soinu ederreko eta musika-itxaropen handiko talde bat da. Pertseberantzia, lan-etika sendoa, elkarren babes etengabea, eta egunetik egunera hobetzeko gogoa: horra hor bilatzen eta lortzen dituzten helburuak. Horrez gain, haien talde-dinamikak, musika-estilo desberdinen esplorazioak eta zuzendariaren gidaritzak emozionalki oso erakargarriak diren joaldiei ematen diete bide. «Zirraragarriak» eta «urre likidoaren soinua»: hala deskribatu izan dituzte entzuleek. Ganbera-talde hau AEBtako eskualde nahiz estatu mailako lau konferentziatan izan da azken zazpi urteetan. Eskuarki dihardu musikagileekin, eta hala musikagile ospetsuen nola ikasle gazteen lanak estreinatzen dituzte. Duela gutxi, Mozarten Requiemari heldu diote, eta 2014an Händelen Mesiasari, osorik, CWUko (Central Washington Unibertsitatea) ganbera orkestrarekin eta ikasle koruetako hamabost bakarlarirekin. Youtubeko CWUMusicDept kanalak abesbatzaren 25 bideo biltzen ditu, eta 1.000.000tik gora bisita izan ditu. Abesbatzako kideak emozioz beterik daude Tolosako eta inguruetako kultura ezagutzeko aukera dela eta.

Gary Weidenaar 2006tik izan da CWUko Koru Ikasketen burua; 200 bat abeslari gainbegiratzen ditu han, lau korutan banatuta, bai eta ikaskuntza-metodoak eta hala graduko nola graduondoko ikasketak ere.

Bigarren kontzertua, hilaren 29an izango da, osteguna, eta Norvegiako Trondheim hiritik datorren Cantus abesbatzaren ahots zuriak izango dira protagonistak Ordiziako parrokian. Cantus korua nerabe-talde batek sortu zuen, 1986an; izan ere, beraien ardurapeko koru batean nahi zuten abestu. Gaur egun, 20 urte igaro direla, bere ideiei jarraitzea gustuko du Cantus abesbatzak oraindik ere. Zorioneko halabehar batean, Tove Ramlo abeslari eta orkestra-zuzendari gaztea gurutzatu zen koruaren bidean. Hala, Cantuseko lehen zuzendaria bihurtu zen Tove –eta, orain artean, bakarra–.

Cantusen ezaugarri nagusienetako bat betidanik izan da koruaren moldaerraztasuna. Musika-genero desberdinak txandakatu dituzte hasiera-hasieratik, eta berdin daude gustura hala herri-musikarekin nola jazzarekin, bai musika garaikidearekin, eta bai koru-musika klasikoarekin ere. Nazioarte-mailan, hainbat koru-lehiaketatan hartu dute parte; haien ustez, hala behar zenean gogoa biltzera eta interpretazio hoberena ematera lagundu ditu horrek. Bestalde, herri-musika eta antzezpenak batzea lortu dute, eta publikoarekin komunikatzen laguntzen ditu horrek. Haien identitatea eratzean, garrantzi berbera izan dute bi planteamendu horiek.

Cantuseko kideak abeslari amateurrak dira guztiak, eta denbora luzea ematen diote koruari, dela alderdi artistikoari, dela erakundearen funtzionamenduari. Denbora asko ahitzen du Cantuseko kide izateak, baina dibertimendu polita sortzen du berebat. Eta, denbora horretan guztian, haiexek arduratu dira den-denaz.

Duela urte asko, erabaki bat hartu zuten, eta oraindik ere motibatzen ditu: haien entzuleentzat abentura bat izatea!