Igande honetan, arratsaldeko 18:30etan, Parrokian, zikloaren lehen kontzertua: Pamplona XXI Kamera Orkestra.

Aste bukaera honetan, igandean hain zuzen,  hasiko da Ordizian BARROKO AIRE, Musika Barrokoaren egunak jaialdiaren XXX.ekitaldia. Eta jaialdi horrek Ordizian segituko du hilabete honetako igandeetan, herriko Parrokian lau kontzertu egingo dira, Ordiziako udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta. Ataungo San Martin Elizan ere izango da ziklo honen kontzertu bat.

Zikloari hasiera emateko igande honetan, Ordiziako Eliz Parrokian, arratsaldeko 6:30ean, Pamplona XXI Kamera Orkestrak  kontzertu interesgarria eskainiko du. Hilaren 15an jarraituko du programazioak L’Incontro, arpa eta oboe bikotearekin. Azaroaren 22an Joseph-Ramon Olivé baritono katalandarra arituko da David Espasa klabejolearen laguntzarekin. Eta programazioari amaiera emateko azaroaren 29an Ordiziako Oroith Abesbatza eta Et Incarnatus oskestaren txanda izango da Migel Zeberioren zuzendaritzapean.

Eta igande honetan, arratsaldeko 6:30ean hitzordua Pamplona XXI Kamera Orkestrarekin. Pamplona XXI ganbera orkestra proiektu berri bat da. Proiektu horren sorrera musikari profesional talde batek zuen kezkari erantzuten dio: musika hurbiltzea era guztietako publikoari, modu fresko eta informalean.

Hari instrumentuetan espezializatutako 11 musikariz osatuta dago orkestra, baina errepertorioaren arabera aldatu egin daiteke kide kopurua.

Kalitatezko lana eskaintzeko nahiak batzen ditu orkestrako kide guztiak, eta horrek indarra ematen die, bere musika beste toki askotara eramateko, nahiz eta toki horietako batzuetan oso ohikoa ez izan prestakuntza klasikoa duten musikariak entzutea.

Orkestra Nafarroako hainbat musika eskoletan ari diren musika irakaslez osatuta dago. Irakasle horiek Madrilen, Bartzelonan, Parisen edo Londresen egin dituzte euren musika ikasketak eta musika talde askotan parte hartu dute, besteak beste: JONDE (Joven Orquesta de España), EGO (Euskal Herriko Gazte Orkestra), Cuarteto Marnay, HelloCello!, TriArt, Ensemble Danserie, OSN (Orquesta Sinfónica de Navarra), OSE (Orquesta Sinfónica de Euskadi / Euskadiko Orkestra Sinfonikoa).

Orkestrako kideak dira: Maite Aguinaga; Marta Allué; Leire Fernández; Amaya Razkin; Daniel Sádaba; María Sagüés; Alvaro Santiago; Lucía Nuin; Mª José Ros; Paula Azcona; Igor Saenz eta Txuma Del Rio.

Ordiziako Parrokian eskainiko duten programak segidako lanak osatzen ditu:Purcellen “Abdelazer” Suitea,  F. Manfrediniren Concerto Grosso 12 zka.  Do Maiorrean, Arcangello Corelliren  Concerto Grosso Op 6,  8 zka. sol minorrean eta  G.P. Tellemannen  “Don Quixote” Suitea.

Musika barrokoarekin disfrutatzeko aukera erakargarria, igande honetan, hilaren 8an, Ordiziako Parrokian, arratsaldeko 6:30ean.

 

ZIKLOAREN PROGRAMA OSOA IKUSTEKO SAKATU HEMEN