OROITH ABESBATZAK ETA ET INCARNATUS ORKESTRAK AMAIERA EMANGO DIE ORDIZIAKO BARROKO AIRE PROGRAMAREN XXX. EDIZIOARI
Barroko zikloaren amaiera igande honetan, Parrokian, 18:30ean
Ordiziako Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta, Barroko Aire zikloak, Ordizian arrakastaz ospatu dena, amaiera bikaina izango du igande honetan, Ordiziako Oroith Abesbatzak eta “Et Incarnatus” orkestrak eskainiko duten kontzertu interesgarriarekin. Bakarlari gisa Amália Ibañez sopranoa eta Lucia Gómez kontraltoa arituko dira, Migel Zeberio zuzendaritzapean. Kontzertua igandean, arratsaldeko 18:30etan Ordiziako Eliz Nagusian.
Oroith Abesbatza Ordiziako gazte talde baten musika zaletasunari esker sortu zen 1985ean; beraz, aurten XXX. urteurrena bete du. Austrian, Hungrian, Frantzian, Vaticanon eta Italian aritu dira beraien musika zabaltzen, garai guztietako musika lantzen baitute. Musikari ikuspegi berri bat ematen saiatzen dira, obrak sakonki aztertuz; konposatzaile garaikideen obrei ere ardura berezia emanez. Musika kritikari eta jakitun gehienen hitzetan, abesten dituzten obrei emandako adierazkortasuna da berezitasunik garrantzitsuena, XX.mendeko musika eta euskal folkloreari emandakoa bereziki. 2000. urteaz geroztik Katrin Iturralde Izuzkiza da abesbatzaren zuzendaria. Estatu mailan ere sari ugari jaso izan ditu Oroithek, Avilesen (1987, 1995, 2003, 2005), Ejea de los Caballerosen (1990, 1995, 2006), Ciezan (1998), Benasquen (1999), Tolosan (1991, 1994, 2010) eta San Vicente de la Barqueran (2005). Lehiaketez gain kontzertu eta abesbatz ziklo desberdinetan ere aritu dira.
Aurten 30 urte bete ditu eta ekintza ezberdinez jositako urtea da. Udaberrian bidaia kulturala Londresera. Honen ostean, Amets Bide dantza taldearekin eta Ortzadar argazkilaritza elkartearekin “Urtaroen Dantzan” proiektua gauzatu zuten. Emanaldi hauek Ordizian eta Seguran izan ziren, eta beste zenbait herritan eskaitzeko gonbiteak jaso dituzte. Kurtso amaieran musikal ezberdinei heldu zieten, “Piratak” Oroith Txikik eta “ABBA” abesbatza helduak. Dagoeneko buru-belarri ari dira, Barroko Aire honen amaieran eta Et Incarnatus orkestrarekin batera abestuko duten Vivaldiren “Gloria” prestatzen; baita abenduan Donostiako Santa Maria elizan, bertako kapera orkestrarekin, eskainiko duten Britten-en “San Nicolas”.
ET INCARNATUS KAMERA ORKESTRA.Felipe Gorriti konposagilearen heriotzaren ehungarren urtemugako ospakizun kontzertuetan dozena bat musikari gaztek sortu zuten taldea 1996. urtean, Donostian Migel Zeberioren lemapean. Et incarnatus (est) izenak ere hastapen haietako errepertorioarekin du zerikusia. Lehen kontzertu hartan hain xuxen lankide izan zuen Oroith Abebatza ere. Orduz geroztik etengabeko lanean eskarmentu handia jaso du eta zerrenda amaigabea osatzen duten musikari eta konposagileekiko elkarlanak ate ugari iriki dizkio, bidean aberastasun itzela jasoaz. Jazza, popa, autore kantagintza, zinema eta musika garaikidea… egun musikagintzak dituen esparru gehienak jorratzeko eta hauetaz ikasteko parada izan du. Esan genezake grabaketen munduan nabarmendu dela, berrogetik gorakoa baita parte hartutakoen zerrenda: Imanol, G Tejada, Tx Garces, M Erentxun, B Lertxundi, I Salvador, G Benitez, La Buena Vida, A Unzu, J Muguruza, M Paulo, N de Felipe, B Mendizabal, E Elorrieta … Aipagarriak dira, Donostiako Musika Hamabostaldia eta Tolosako Lehiaketan izandako partaidetzak bai eta 2006. Donostia eta Bartzelonako jazaldietan Phil Woods en eta 2012 an Antony & the Johnsosons en ondoan emandako kontzertuak ere. Troika (2005), San Fermin (2006), Erkki Pohjola in Memoriam Concert (2011) diskak kaleratu ditu. Egun, Mixel Etxekopar eta Francois Rosse musikariekin batera, Txorieri sorkuntza eskeintzen ari da
Amaiera bikaina XXX Barroko Aire ediziorako, igande honetan, Ordiziako Eliz Parrokian arratsaldeko 6:30etan.