Emakume baserritarraren omenez eskultura inauguratuko da eta baserriko jantzien pasarela egingo da denak uztartuz

Ordiziako Gabonetako kanpainari irekiera emango zaio ostiral honetan 19:30tan. ‘Goizane’, emakume baserritarra omenduko duen eskultura inauguratuko da Plaza Nagusian eta, honekin bat eginez,  “Iragana orainean” euskal jantzien pasarela egingo da.  Gabonetako argiak ere piztuko dira.

‘Goizane’ eskultura, D´elikatuz Elikadura eta Gastronomia zentrotik eta azoka batzordearen baitan landu den proiektua da.   Azokaren historian garrantzia berezia izan du emakume baserritarrak. Hala, azokan eta euskal gizartean, elikagai hornitzaile moduan, baserriaren bilakaera eta bizi-iraupenean izan duen papera aitortzea da asmoa. ‘Goizane’ izena ez du kasualitatez. Goizeko lehen argi izpia jasotzen du: Ordiziara emakume baserritarra urteetan eguna argitu aurretik etorri izan da, argitasuna eta bizia ekarriz.

Aitortza

Azokara asteazkenero datozen emakume baserritarrari dago eskultura zuzenduta, beraiei eta euren  ama, amona eta aurrekoei, haiek egindako lanaren errekonozimendu gisa. Azokara asteazkenero eta ostiralero eta Ordiziako Plazara egunero gerturatzen diren ordiziarrei baita, emakume baserritarrari zor zaion begirunea eta errespetua gogoan izan dezaten. Eta Ordiziako azoka eta herria ezagutzera datozen bisitariei, emakume baserritarrak izan duen garrantzia ezagutarazteko.

Plazan bertan, ‘Goizane’, gaztainondo egurrez eginiko emakume baserritar eskultura,

bisitariari harrera eginez, abegitsu azalduko da.  Javier Arrieta eskultore Zegamarrak landu du. Egunerokoan dituen bizipenetik, bere gain hartu ditu marrazkiak, pertsonaiaren argazkia, tailerreko lanak, pertsonaia eta inguruko multzoa (saskiak,

barazkiak...etab), polikromiak, kokapena, etab. Lan hau aurrera eraman ahal izateko aholkularitza eta bidelagun izan du, Urkiri Salaberria Arte Ederretan eta bereziki Ondare Ukiezinean aditua den doktorea.

Euskal jantzien pasarela

Euskal jaietan zein Gabonetan euskaldunon ohitura zaharra da euskal jantziekin janztea. Hau sustatzeko, Amets Bidek herriko dendariekin bat egin du eta hauen jantziak plazaratuko dituzte herriko adin ezberdinetako dantza taldeko kideek pasarela batean. Haurretatik hasi eta helduetaraino 50 jantzi ezberdin izango dira ikusgai.

Pasarelan aurkeztuko diren jantzien protagonismoa azpimarratu izan nahi du dantza taldeak eta eskatzen duten protagonismoa, kontraste bidez eman zaie. Kontrastea, espero ez den leku, zein egoeratan jantziak aurkeztu, gaureguneko gizarte ohituretan txertatuaz eta egunerokotasun puntu batemanda lortu dute, hainbat argazkietan jasoz. Argazkiak Ortzadar Ordizia Argazki elkarteko kideek egin dituzte eta ikusgai daude urtarrilaren 10a arte D’elikatuzen.

Elkarlan horretako emaitza da baita 2016rako prestaturiko egutegia ere.