Ekitaldiak asteartean bertan hasiko dira, ZOZOMIKOTE tartean dela

Kaldereroen jaiak badu bere eguna.  Edo baditu bere egunak.  Urtarrilaren 30ean, larunbata, izango da jai-eguna baina atariko zabala izango du asteartean hasiko baitira ekintzak.  Ordiziarrek festan parte hartuko dute Zozomikote gonbidatu kutunarekin;  bertako kultur ondarearen pertsonaia izanik Ordiziako jaien lehen planora itzuli da.  

Programari astearte honetan emango zaio hasiera, 18:30ean auzoetanZozomipoteoa egingo da edopintxopoteo tematikoa. Herrigunean ere errepikatuko da ekimena asteazkenean, 19:00etatik aurrera. Pixka bat lehenago, 18:30ean, D’Elikatuz zentroan duela gutxi aurkeztu den Zozomikote lanari buruzko ipuin-kontaketa bat egingo da.  

Ordizian merkataritza elkarteak ere jaiarekin bat egin du ondorengo ekimenarekin: Dendaz denda Zozomikoteren bila.  Urtarrilaren 26tik 30era iraungo du ekimenak.  

Urtarrilaren 30a goiz hasiko da egun osoaz gozatu nahi dutenentzat. Hamabietan Kalderero Txikiek desfilatuko dute.  Desfilea nahiko handia izango da: Jakintza Ikastola, Urdaneta Eskola, Ordiziako Musika Eskolako banda txikia, Urdaneta Dantza Taldea eta Azen Erraldoien Konpartsa.  Ibilbidea herriguneko kaleetan zehar egingo da.  Ordubete beranduago, herrigunean bertan, kalderero paseoa egingo dute honako hauek: Umore Ona Abesbatzak, Laguntasuna Errondailak, Antxon Imazek eta Jose Ignacio Iturriotzek. 

Urrupen pregoia

Atseden hartu ostean, arratsaldean ekintza gehiago egingo dira; besteak beste, arratsaldeko 18:00etan Nikolas Lekuona plazan txokolatada bat egingo da txikientzat eta ondoren, 18:30ean, han bertan, Zozomikote aurkeztuko da eta pregoia irakurriko da Urrup antzerki-taldearen laguntzarekin.   

Ondoren Kaldereroen Konpartsako desfilea hasiko da herrigunean, Urdaneta Kalean barrena igaroko da eta gero Plaza Nagusian amaituko da bukaerako erretretarekin. Urrup taldeak Zozomikote pertsonaiaren inguruko emanaldi bat eskainiko du, eta Zozomikote sutan araztuko dute.   Konpartsarekin batera Oroith eta Oroith txiki abesbatzek, Urdanetako Ahotsak-ek eta Ritmo de Luna dantza akademiak hartuko dute parte.  

Udalerriko jatetxe batzuek ere ekimenarekin bat egingo dute kaldereroen menu berezia prestatuz.  

 

Jose Ignacio Iturriotz zinegotziak eta Kaldereroen Konpartsako bi kidek, Joseba Aranburuk eta Erramun Amundarainek, jai hauetan parte hartzeko deialdia egin dute; izan ere, inguruko udalerriekin ere kultur ondare eta ondore historikoa partekatu eta bizi nahi dute.