ANTZERKI ESKAINTZA BIKOITZA EGUN HAUETAN HERRI ANTZOKIAN
Ostirala, hilaren 19an, 22:15 h.: HEROIAK – Txalo produkzioak
Asteartea, hilaren 23an, 20:00 h.: EL FLORIDO PENSIL-NESKAK – Tanttaka
Ostirala honetan, hilaren 19an, Ordiziako Herri Antzokian "Antzerki garaia" programaren laugarren saioa izango dugu ikusgai, eta oraingo honetan Txalo produkzioak aurkeztuko duen "Heroiak” lanarekin. "Antzerti garaia" egitaraua Beasain eta Ordiziako Udaletako Kultura Sailek bultzatu eta antolatu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskadiko Antzerti sarearen lankidetzekin.
2016ko denboraldirako Txaloren ikuskizun aipagarrienetakoa izango da “Heroiak”. Begoña Bilbao Lejarzegiren zuzendaritzapean, hiru euskal aktore bikainek -Joxe Ramon Soroiz, Kandido Uranga eta Ramon Agirrek- interpretatzen dituzte hiru “heroi“ horiek, ibilbide luzeko eta eskarmentu handiko hiru aktorek jokatuta...
Agirrek berak frantsesetik euskaratutako Le vent des peupliers (Makal arbola arteko haizea) lanaren moldaketa da. Gerald Sybleyras antzerki idazle frantsesarena da jatorrizko gidoia (2003). Lau izendapen izan zituen Sybleyrasen lanak Molière sarietan, eta bere ingelesezko moldaketak, Tom Stoppardek eginak, komedia onenaren Laurence Olivier saria irabazi zuen 2006an. Beraz, hainbat herrialdetan kritikaren eta ikus-entzuleen aldetik harrera bikaina jaso duen antzezlana da, eta orain euskaraz datorkigu Txaloren eskutik.
Aje asko dituzten hiru soldadu beterano dira istorioaren euskarriak. Oso istorio gizatiarra eta erabat dibertigarria da, "barre egiteko modukoak ez diren azpi-doinuak ezkutatzen baditu ere". Abiapuntua da gerrako hiru beterano borrokalari ohien egoitza batean daudela: Gerran zaildutakoak bere garaian, gudari ohien egoitza batean bizi dira. Enriquek herrena dauka, Gustavok leku zabalei agorafobia die, eta Feliperi zorabioak ematen dizkio buruan sartuta geratu zitzaion metraila zati batek. Egoitzatik ihes egitea pentsatuko dute; nora joan garbi eduki gabe, ordea. Gerrako zauriak. Gure hiru heroiek (lau, zerrendari gehitu ezkero txakur baten harrizko estatua txiki bat) erabaki dute bizi diren egoitzatik ihes egin behar dutela. Nora ordea? Indotxinara? Alboko herri batera? Ala mendi tontor batera, lertxunen artean haizea dabilen toki batera?
Txalo azken lana ostirala honetan gaueko 10:15ean Ordiziako Herri Antzokian. Sarrerak salgai Barrena Kultur Etxean.
Eta gogorazi datorren asteartean, hilaren 23an, arratsaldeko 20:00etan, “El Florido pensil-neskak” antzezlana estreinatuko dela Herri Antzokian.