LARUNBATEAN ZABALDUKO DA AHOZ AHO JAIALDIA
LEKORD TALDEAren musika eta IV. IPUINEN AHOZKO NARRAZIO LEHIAKETA, D'Elikatuzen 19:00etan
(…sar dadila Kalabazan!)
Ura, airea, xaboia. Ipuinak… Jakinduriaren iturriko ur-tanta batek blaitzen gaitu ipuin bat entzuten dugunean… Haize freskoko ufada bat bidaltzen digu istorio bat kontatzen digunak… Garbi ernetzen den hitz batek gure pentsamenduak xaboitzen ditu, eta gure ametsak freskatzen… Ura, airea, xaboia. Martxoaren 5etik 18ra ipuinak haizatuko ditugu Ordizian.
Hemen da AHOZ-AHO 2014, Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdia.
Urtero garai honetan gertatu ohi den moduan, izarrak lerrokatu egin dira, sorginkeriaz bezala, eta galaxia berri bat eratu dute: Kalabaza forma duen konstelazio bat.Airean istorioak zizelkatuko ditugu. Burbuilak kontatuko ditugu, kondairen artean flotatuz. Narrazioz zipriztinduko gara, istorioez elkar lurrinduz.
Poesiaz puztuko gara, bizitzari leungarria jarriz. Beste kultura batzuetako aparrez bustiko gara. Kalabaza-itxurako Punpuilak entzungo ditugu.
Ahozkotasunaren Unibertsotik datozen Izar horiek martxoaren 5etik 18ra bitartean bisitatuko gaituzte, Kalabaza forma duen konstelazio magikoa pizteko. Eta hasteko
Jaialdia “KONTATU GUREKIN!” IV. IPUINEN AHOZKO NARRAZIO lehiaketarekin zabalduko da. Istorio bat, ipuin bat... kontatu nahi diguten pertsona guztiei irekitako lehiaketa zabaldu da eta bertan 6 artista eman dute izena parte hartzeko: Pili Eskisabel (Ataun-azken edizioaren irabazlea), Marisol Cavero (Ordizia), Ekaitz Goikoetxea (Beasain), Itziar Sáenz de Ojer (Lizartza), Nagore León (Tolosa) eta Irati Goikoetxea (Beasain). Lehiaketa larunbata honetan, martxoaren 5ean izango da, arratsaldeko 19:00etan, Ordiziako D’Elikatuz gunean
Parte hartzaile bakoitzaren narrazioak zortzi minutu iraungo du gehienez. Epaimahaiaren erabakiaren eta Publikoaren botoaren bidez, hiru narratzaile hautatuko dira Ahozkotasunaren Gala Handian parte hartzeko, BARRENA JAUREGIAN, martxoaren 18an ospatuko dena. Galan, hiru sailkatuek beren istorioak kontatuko dituzte berriro, Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdia aurten osatuko duten gainerako izarrekin batera. Epaimahaiak eta Publikoaren botoak sailkapena erabakiko dute, eta 300 euroko saria emango zaio irabazleari, 200 eurokoa bigarrenari, eta 100 eurokoa hirugarrenari.
Lehiaketarekin batera aurten musika proposamen berezia entzuteko aukera izango dugu: LEKORD TALDEA. “Soka” proiektuaren lan batzuk eskainiko dituzte, euskal kantuei hurbilpen berezi bat egiten zaio “Soka” proiektuan. Herriko melodiak erabiliz, ibilbide poetiko-musikal batera gonbidatzen dute ikuslea. Horretarako, oso ohikoak ez diren arpa zein perkusio instrumentuak eta antzerki hizkuntza fusionatzen dituzte. Taldea Ane Artetxe harpa joleak, Iñaki Letamendia perkusionistak eta Amaia Irazabal eta Amaia Ruiz aktoreek osatzen dute.
Hitzordua larunbata honetan, arrtasaldeko 19:00etan D’Elikatuz gunean, proposamen bikotzairekin: narrazio lehiaketa eta Lekord taldearen proposamena.