Irakurketa Erraza zer den ezagutzera emateko. Ostiralean, 19:00 h., Barrenan hitzaldia.

Erakusketa honetan, Irakurketa Errazaren kontzeptua aurkeztuko dugu lehen aldiz Ordizian, martxoaren 1etik 16ra.Martxoaren 11ean, arratsaldeko 19:00etan, “Irakurketa Erraza. Irakurtzeko arazoak dituztenentzako irakurketa bultzatzeko baliabide bat” hitzaldia egingo da, Barrena Kultur Etxean, Euskadi-Irakurketa Erraza taldearen bultzatzaile den Blanca Mataren eskutik.

Barrena Kultur Etxeak “Irakurtzea, plazerra eta eskubidea” erakusketa jasoko du 15 egunetan zehar, irakurketa errazaren kontzeptua ardatz hartuta.  Irakurketa errazeko materialak arreta bereziz prestatuak izan dira, edonork irakurri eta ulertu ahal ditzan, nahiz eta irakurtzeko eta ulertzeko zailtasunak izan arrazoi fisiko, psikiko edo sozialengatik. Hain zuzen ere, kolektibo horien premia da informazio erraza eta ulergarria izatea eta irakurketaz gozatzea, eta premia horri erantzuten diote irakurketa errazeko materialek.

“Irakurtzea, plazera eta eskubidea” erakusketako materialen bidez, irakurketa erraza zer den azaldu nahi da, informazio hori ahalik eta gehienei emateko eta material horren erabiltzaile izan daitekeen jendearengana eta kolektibo horiekin lan egiten dutenengana iristeko.

 

Irakurketa errazaren egitasmoak irakurketa demokrazia, eta irakurketaren bidez gizarteratzea ditu oinarri.Kontzeptu horren helburua da irakurgaiak eskuragai jartzea irakurtzeko eta ulertzeko arazoak dituztenei (biztanleriaren % 30).Irakurketa errazak kolektibo horiei aukera ematen die irakurketaz eta kulturaz gozatzeko eta informazioa jasotzeko, edozein herritarrek dituen eskubideak direnez gero.Izan ere, irakurtzea plazer hutsa da eta ideiak, pentsamenduak eta esperientziak elkartrukatzeko balio du.Gainera, norberaren eta gizartearen ongizatea dakar.

 

Erakusketan, informazio panelak eta ikus-entzunezko proiekzioak izango ditugu ikusgai, hainbat liburutegitan eta erakunde nahiz elkartetan abian jarri diren irakurketa klubek prestatuak.

 

Irakurketa errazaren egitasmoa duela hiru urte iritsi zen Euskadira, Irakurketa Erraza taldearen eskutik iritsi ere, Katalunian duela hamarkada bat abian jarri zen esperientzia batean oinarrituta.Gipuzkoako udalerri batzuetan jadanik hasita daude irakurketa errazari buruzko ekimenak lantzen.