‘LUCIA DI LAMMERMOOR’, OPERA ZINEMA ARETOAN
Donizettiren obra dotoreenak itxiko du zikloa astelehen honetan 20:15etan
Astelehenean amaituko da opera ballet zikloa Ordiziako Herri Antzokian eskainiko den emanaldiarekin. Beasainen eta Ordizian azken hilabeteotan eman den programa arrakastatsua Londoneko Royal Opera House-tik zuzenean iritsi da. Azken saioa 20:15etan hasiko da.
‘Lucia di Lammermoor’ da obraren titulua. XVII. mendeko Eskoziako bi familien arteko harreman gaiztoaren eta maitale gazteengan izango duen eraginaren historia kontatzen du. Kritikaren arabera, operako eszena hunkigarrienetako du eta Donizettiren lan dotoreenetakoa da. Protagonista nagusiaren papera Diana Damrau kantariak interpretatzen du eta Charles Castronovok maitale sekretuarena egiten du.
Lan hau ez da azken hamarkadan Royal Opera Housen izan. Beraz, momentu garrantzitsua da Katie Mitchellen produkzioaren estreinaldia. Iraupena 170 minutukoa da. Sarrerak 13 euro balio ditu.