OSTIRALEAN, KIMETZ LITERATUR LEHIAKETAKO SARI BANAKETAREN EKITALDIA
Kimetzen XXII. kontakizun laburren sari banaketan “Misterioari dario” errezitaldi musikatua. Hitzordua ostiralean gaueko 22:00etan Barrenan
Ordiziako Kimetz Emakume Elkarteak, urtero antolatzen duen literatur lehiaketako sariak banatuko ditu datorren ostiralean. Ekitaldi hori osatzeko, “Misterioari dario” ikuskizuna izango da. Sari banaketa 22:00etan hasiko da, eta segidan egingo dute poesia, marrazkiak eta musikaren emanaldia, Barrena Kultur Etxean. Sarrera, debalde izango da.
“MISTERIOARI DARIO” ekitaldia, diziplina artistiko desberdinen, marrazki, musika eta poesiaren bategitea izango da. Emanaldian, Josu Maroto marrazkilariak, Pello Ramirez biolontxelistak, Jon Goenaga piano-jotzaileak eta Andoni Salamero poetak hartuko dute esku. Bertan biziaren izate betean barneratuz, musika, poesía, eta marrazkia uztartuz, elkartrukean dastatzeko aurkezten den esperientzia artistiko aberatsa biziko gara.
Lau sortzaile jardungo dira ikuskizun bitxi honen hariak ehotzen. Artisten hitzetan, “Misterioari dario” emanaldia “Biziari egindako goraipamena edo gorespena da, barruak, bizidun bakoitzari egindako kantu zintzoa. Biziaren aurrean, bizidun bakoitzak izaten dituen galdera existentzial asko aurkezten dizkio ikusleari, sarri presaren zurrunbiloan, egunerokotasunean murgilduta erantzun nahi ez ditugun galderak. Honako esperientziaren bidez, lau sortzailek, hurbiltzen den ikusleriarekin batera, hurbileko barne-esperientzia hori izaten lagunduko dute, giro bildu, atsegin eta lasaian”.
Poesiak eta prosa poetikoak badu bere arnasa, musikari gertatzen zaion bezala, eta halakoetan txeloak zein pianoak bat egiten dute konposaketa finak eta apartak eskainiz. Margolanean, marrazkilariak marraztuz doan koadroa galdu-gordeka erakusten digu, agertze-ez agertze horretan mihisean azaleratuko dena misterioaren haritik erakutsiz.
Musikaren inguruan ekitaldiko konposaketa guztiak, bi ezik, Pello Ramirezek eta Jon Goenagak sortuak direla, hori luxua da, eta txalogarria, sormenerako introspekzio lana eskatzen duelako bien aldetik eta elkarrekin jotzeko elkar hartzea. Bestetik, José Marotoren lana, guztion begien aurrean erditzen duen artelana da, konposizio horretan sentiberatasunaren eta beratasunaren haurraren irudia garatzen du, benetako arteak izan behar duen samurtasuna, haurrek berez ematen dakiten sentimendu ezti eta gozoa.