Iritziak jasotzeko abuztuaren 7ra arte on-line galdeketa prest da

Aktibo da iada Ordiziako udal web gune honetan, www.ordizia.eus atarian hain zuzen, Santa Ana jaien inguruan herritarrek duten iritzia jakiteko galdeketa. Berrikuntza gisa aurkeztu zen festen atarian eta abuztuaren 7ra arte egongo da zabalik iritzia emateko aukera. Bestalde, Udalak lehen balorazio orokorra egin du jaien inguruan eta oso positiboa da, nahiz eta hobetzeko aspektu batzuk antzeman.  

Galdeketara sartzeko “Ordizia hobetzen” bannerrean klik egin behar da. Amaitutako festen inguruko iritzia emateaz gain, 2017ko programarako iradokizunak eman ahal izango dira.

Baloraziori dagokionez,nahiz eta jakin ordiziar batzuei eragozpenak sortu diela, bigantxen plazaren eta barraken leku aldatzeak zeresana eman zuen, baina aldaketa onerako izan da. Garbiketa zerbitzua hobetu da eta Udaltzaingoak ere balorazio positiboa egin du, ‘hobe’ joan direla azpimarratu duelarik.

Ikuskizun berriek ondo funtzionatu dute eta gazteekin egindako hainbat bileretan adostu ziren puntuak, orokorrean, bete egin dira.Adibidez, mozorro gauerako kaleko espazioen zozketa arrakastsua izan da eta musikaren bolumena zerbait zuzendu da, nahiz eta hobetzeko margena izan. Hala, Udalak gonbitea luzatu nahi du gazteak datorren urtean berriz ere jaien antolaketan parte izan daitezen.

Amaitzeko, Ordiziako Udalak bere esker ona helarazi nahi die gazteei, Udal langile eta zerbitzuei eta herriko elkarteei jaiak hobetzeko egindako ahalegin eta lanagatik.