HIRU PROPOSAMEN INTERESGARRIAK ABESBATZEEN ZIKLOAN
Larunbatean Olga Vocal Ensemble, igandean Balta Emakumeen Abesbatza eta astelehenean San Nicolas Abesbatza. Kontzertuak Parrokian, arratsaldeko 20:00etan
Abesbatzak izango dira protagonistak asteburu honetan eta datorren astelehenean Ordizian. Aperitibo gisa pasa den astean zabaldu zen zikloa eta datozen larunbata, igandea eta astelehena, arratsaldeko 8etan ahotsak izango dira nagusi Ordiziako Parrokian, hau dena Barroko Aire Jaialdiaren bezperan. Programa hauxe da:
Urriak 29, larunbata Holandako Olga Vocal Ensemble
Urriak 30, igandean Letoniako Balta Emakumeen abesbatza
Urriak 31, astelehena Esloveniako San Nikolas Abesbatza.
Larunbatean, urriak 29a, Holandako Olga Vocal Ensembleren txanda izango da. Olga Vocal Ensemble ahots taldeak musikaren bitartez poza sortu nahi du. Eta munduarekin partekatu nahi du poz hori. Beren ahots argiekin eta presentzia nabarmenarekin, bihotz guztiak bereganatzeko prest daude bost gazte hauek. Olga Vocal Ensemble a capella talde gazte bat da, tradizio zaharretara begi berriekin hurbiltzen dena. Grinarekin, umorearekin eta dramarekin uztartzen dituzte beren ahots benetan argiak eta gazteak nahiz helduak liluratzen dituzte. Haien errepertorioak musika-pozaren bost mende baino gehiago biltzen ditu eta taldea dagoeneko ezaguna da programa paregabeak eskaintzeagatik, musika klasikoa eta herri-musika batuta –Islandiako Erdi Aroko taberna-abestiak eta beren aiton-amonen garaiko arrakasta nostalgikoak harturik abiapuntu–. Olga taldearen soinu bereizgarriak modu sinesgarrian nahasten du musika hori guztia. Olga Vocal Ensemble 2012an sortu zen, Utrecht-eko Kontserbatorioan (Herbeheretan). Holanda, Islandia eta Errusiatik datozen abeslariak bildu ditu, baita nazio eta genero desberdinetako musika ere. Dagoeneko kontaezinak dira eman dituzten kontzertu arrakastatsuak, hala Herbeheretan nola handik kanpo; Islandia basati eta malkartsuan egiten dituzten birak hasieratik izan dira finkoak. Horren fruitu, talde nazioartekoa da benetan. Horrez gain, Olga taldeko mutilek beren lehen CDa grabatu zuten 2014an, The King's Singers taldeko Paul Phoenix abeslari ohiarekin ahotsa eta musika landu zuten eta teontzi gorri bat adoptatu zuten taldeko maskota gisa.
Igandean, urriak 30a, Letoniako Balta abesbatzarenahots zuriak izango dira kontzertuaren protagonistak. Māra Marnauza irakasleak sortu zuen Balta taldea 1999 urtean, eta bera dihardu koruaren zuzendari eta zuzendari artistikoko lanetan oraindik. Baltak arrakasta handia bildu du nazioarteko lehiaketetan eta horrela 2015. urtean lehen saria emakumezkoen abesbatzen kategorian lortu zuten Marktoberdorfeko (Alemania) 14. Lehiaketan eta Carl Orff-Stiftung Diessen am Ammersee Sari Berezia, lehiaketan estreinatutako obra koralaren interpretazio onenari. 2014. urtean Urrezko domina VIII. World Choir Games txapelketan eskuratu zuten, Rigan (Letonia). 2013. urtean Sari nagusia, lehen saria, eta nahitaezko obraren interpretazio onenaren saria «Letoniako XXV. Kantu eta Dantza Jaialdiko» abesbatza-lehiaketan. 2011.n bi urrezko domina Musika Koralaren II. Sari Nagusian, Austrian. 2009. urtean Lehen saria Nazioarteko XIX. Musika Jaialdian, Namestovon (Eslovakia), erlijio-musikaren kategorian. 2005.ean Sari Nagusia INTERKULTUR X Nazioarteko Abesbatza Lehiaketan (Hungaria). 2002. urtean Lehen saria emakumezkoen abesbatzen kategorian, hirugarren saria herri-musikaren kategorian eta J. Tamulionisen obra baten interpretazioari saria, Unibertsitateko Abesbatzen XVII. Nazioarteko Lehiaketan, Txekiar Errepublikan.
Eta abesbatzeen zikloari amaiera emateko, astelehenean, urriak 31n, Esloveniako San Nicolas Abesbatza. Saint Nicholas Choir Litija musikaren zinezkotasunak eta espiritualtasunak elkartutako 50 abeslarik osatzen dute. Duela 19 urte sortu zenetik, abesbatza eboluzionatzen joan da, hala Eslovenian nola atzerrian ezagunak egin arte. Litijako elizkizunetan parte hartu ohi du, eta aldizka atzerrira ere badoa.
Korua melodietan nabarmentzen da batik bat: hainbat garaitako musika-konposizioen interpretazio sendoak egiten ditu eta sari ugari lortu ditu koru-lehiaketa nazional eta nazioartekoetan. Azkenaldian lortutako arrakasten artean, honako hauek daude: urrezko domina, bigarren postua eta hainbat sari berezi Mariborko Koru Lehiaketa Nazionalean (2016); lehen postua Derryko Nazioarteko Koru Jaialdian (2015) eta lehen postua Maasmecheleneko Nazioarteko Koru Lehiaketan, Belgikan (2013).
Koruak hiru CD tematiko grabatu ditu eta ospe handiko talde askorekin jardun du elkarlanean (Esloveniako Irratiko orkestra sinfonikoa, Ljubljanako orkestra sinfonikoa), baita artista famatuekin ere: adibidez, David de Villiers, André J. Thomas, Yoav Talmi, Valerij Gergijev, etab. Esloveniar musikagile ospetsu batzuk konposizio berriak idatzi dituzte Saint Nicholas Choir abesbatzarentzat: Damijan Mocnik, Ambrož Copi, Črt Sojar Voglar, Blaž Pucihar, Nana Forte, Peter Savli eta Ivan Florjanc.
Taldea Nova Kultura Litija kultur erakundearen babespean dago eta Europa Cantat elkarteko kide da. Abesbatza 1997an sortu zenetik, Helena Fojkar Zupančič izan da zuzendaria.