Arratsaldeko 18:30ean KUP taldearen emaldia Parrokian

Abesbatzen kontzertuek utzitako aho-zapore onarekin, igande honetan hasiko da Ordizian BARROKO AIRE, Musika Barrokoaren egunak jaialdiaren XXXI. ekitaldia. Eta jaialdi horrek Ordizian segituko du hilabete honetan, herriko Parrokian lau kontzertu egingo dira, Ordiziako udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta. Ataungo San Martin Elizan ere izango da ziklo honen kontzertu bat.

Musika barrokoa, beraz,  udazkeneko protagonista,   punta-puntako interpretatzaile eta taldeak Goierrira ekarriko dituena.

Hauxe da egitaraua:

ORDIZIA / ELIZA NAGUSIA - IGLESIA PARROQUIAL 18:30ean

Azaroak 6 - Kup Taldea. Zuzendaria: Gabriel Baltés

Azaroak 13 -Garikoitz Mendizabal, Txistu  - Aitor Furundarena, Eskusoinua

Azaroak 20 - Conductus Ensemble. Zuzendaria: Andoni Sierra

Azaroak 27 Sigma Project Sax Quartet

 

ATAUN/ SAN MARTIN ELIZA - IGLESIA DE SAN MARTIN

Azaroak 20 -12:00etan Loreto Fdez Imaz, Organoa

 

Eta zikloa zabaltzeko igande honetan, hilaren 6an, arratsaldeko 18:30ean, Ordiziako Parrokian,  KUP Taldearen emanaldia entzuteko aukera izango dugu. Musika biziki maite duen gazte talde batek sortutako abesbatza da KUP. 2003ko udaberrian hasi zen lanean, musikaz gozatu eta, aldi berean, ahalik eta kalitaterik handieneko musika eskaintzeko asmoarekin. Gabriel Baltes da taldearen zuzendaria: abesbatzen munduan punta-puntakoa eta Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Ikasketen Zentroan abesbatzen zuzendaritza-irakaslea.

Taldeko partaideak gazteak izan arren, abesbatzen munduan esperientzia handikoak  dira, bai eta musika ikasketa zabalekoak ere. Hori horrela, eta Gabriel Baltes maisuak eskaintzen duen bermea kontuan hartuta, zailtasun eta konplexutasun tekniko handia duten maila goreneko obrak interpretatzen ditu KUP taldeak.

2006ko udan, KUP taldeak Aita Donostiaren eliz musika biltzen duen programa landu eta Donostiako Musika Hamabostaldiak Chillida Leku museoan antolatutako Aita Donostiaren zikloan eskaini zuen oso-osorik. 2007ko Azaroan, berriz, lan hori biltzen duen taldearen lehen diskoa kaleratu zuen, “Priez pour paix” izenarekin.

2007. urtean, Luxenburgoko bi jaialditan parte hartu zuen: De Kenge Maarniche Festival eta Rencontres musicales de la Vallée del L’Alzette izenekoetan, hain zuzen ere. Izandako arrakasta dela-eta 2010. urterako gonbitea jaso dute. Horrez gain, Gipuzkoako hainbat ziklo eta jaialdietan parte hartu du taldeak, bai eta Estatuan zehar kontzertu ugari eman ere. Aurten Tolosako Abebatzen lehiaketan gonbidatuak izan dira kontzertru berezia emateko eta datorren urtean parte hartuko dute Bartzelonan ospatuko den Abesbatzen Munduko Simposiumean.

 

Igandeko programan Errenazimendu eta Barroko garaiko lanak aurkeztuko du KUP taldeak, entzulegoari musika esperientzia paregabea eskaintzeko.

 

Barroko airekin hitzordua, larunbata honetan Ordiziako Parrokian eta aukera ezin hobea KUP taldearen lanaz gozatzeko.